Kazeta

Urruña Gaua prestatzeko lanak abian

Urruñako Berttoli elkarteak euskal mitologiari loturiko desfilea berriz martxan ematea deliberatu du. Agorrilean Lapurdiko herriko karrikak zeharkatuko dituen ekimena prestatzen hasteko bilkura antolatu dute heldu den urtarrilaren 30ean.

2017ko udan lehen Urruña gaua prestatu zuten urruñarrek. © Bob EDME
2017ko udan lehen Urruña gaua prestatu zuten urruñarrek. © Bob EDME

“Urruña Gaua” agorrilaren 24an eginen da. Azken edizioa 2017an egin zen eta Berttoli elkarteak aurten berriz martxan ematea erabaki du. Ekimen honetan euskal mitologiari loturiko pertsonaiek herriko karriketatik desfilatu, dantzatu eta kantatzen dute.

Ekimen kulturala prestatzeko bilkura heldu den urtarrilaren 30ean izanen da, arratseko 20:00etan Urruñako posta gelan. Bertan Joseba Aurkereneak euskal mitologiari eta bere pertsonaiei buruzko mintzaldi bat eskainiko du. Ondotik 2017an iragandako edizioaren filma proiektatuko dute eta azkenik, aurtengo edizioa abiarazteko proposamena aurkeztuko dute.