Kazeta

Etxeen izenak nortasunaren erakusle

Indarrean den arautegiak etxe bakoitzak zenbaki bat ukan behar duela agintzen du. Helbideratze prozesu horretan Euskal Herriaren nortasuna atxikitzea funtsezkotzat hartuz, etxe eta bideen izenak bitarteko ezberdinetan mantentzeko bideak plantan ematen ari dira.

Auxtin Zamora Senpereko Larraldea etxearen aitzinean. © Auxtin Zamora
Auxtin Zamora Senpereko Larraldea etxearen aitzinean. © Auxtin Zamora

Joan den urrian Ainiza-Monjoloseko biztanleek Herriko Etxearen informazioa jaso zuten helbidea ezartzeko arau berriaz. Gisa berean, etxeen izenak mapetan mantentzeko Herriko Etxera joan behar zirela jakinarazi zitzaien. Arranguraturik, herritarren %80a bertaratu zen. “Herritarrak etxeen izenari aski lotuak dira”, onartu zuen Jean-Pierre Irigoin bertako auzapezak. Bost urteren buruan, helbide guziek zenbaki bat ukaiteko betebeharra izanen da.

Etxeen izenak zenbakiengatik ordezkatuak izateko arriskua dela eta, hainbat hautetsik beren kezka agertu dute. Euskal Elkargoan zerbitzu fiskalen eta horniduren buru den Christelle Gaucherrek ohar horiek jaso ditu. "Euskal Elkargoak proposaturiko zerbitzuak etxearen izena helbidean agertzea proposatzen du", erran du. Gaineratu duenez, datu baseak helbideratze tresna ezberdinetan integratuko dira, kartografian eta GPS sistemetan barne.

Hizkuntzaren garrantzia izendegian

Hainbat herri La Posten zerbitzuen edo enpresa pribatuen bidez helbideratzea ezartzeko neurriak hartzen hasiak dira. Baina ehun baino gehiagok Euskal Elkargoaren doako laguntza onartu dute. “Atal linguistiko” bat eskaintzen du instituzioak, gisa horretan helbideratzea elebidunez edota hirueledunez egin ahal izatea sustatuz. Zerbitzu horretarako, Elkargoak Euskaltzaindiaren eta Okzitanieraren Kontseilu Iraunkorraren laguntza jasotzen du.

Ainize-Monjolosen bezala, Larribarre-Sorhapürün ere bideak eta etxeak izendatzeko lanak abantzu finituak dira. "Herri kontseiluan batzorde bat eratu genuen bide eta etxe bakoitzaren izenekin herriko mapa egin ahal izateko", azaldu du Daniel Heuguerot bertako auzapezak. Izenik gabeko bideetarako, azken etxearen izena baliatu zutela azaldu du, "-ko bidea" edo "chemin de" gehituz. "Datu hauek guziak Elkargora bidali genituen eta orain erantzunaren zain gara".

"Herriek bideetako izenen proposamenak bidaltzen dizkigutenean, guk informazio hori Euskaltzaindiari igortzen diogu, izenak aztertu eta onar ditzan. Grafikoaren zuzentasuna ere segurtatzen dugu", argitu du Christelle Gaucherrek. Lan hau hautetsiei emanen zaie, haiek berraztertu eta erabakitzeko. "Behin lan hauek eginik, bukaeran sartze bakoitzean seinale elebidunak ezarri beharko ditugu", gaineratu du Daniel Heuguerotek.

Onura ainitz

Azken buruan, helbideratze sistema berria, herrientzat ez ezik, beste zerbitzuez arduratzen diren erakundeentzat ere onuragarria izanen da. Posta edo paketeak emateko lana erraztu beharko du, baina baita sokorri zerbitzuen, medikuen edota postarien mugimenduak ere. Herriko Etxeetako finantzak optimizatzeko ere baliagarria izanen da, bideetako distantziak hobe ezagutuz hainbat horniduraren kalkuluak hobeki egin ahal izango baitira. Berez, helbide bakoitzak izanen duen zenbakia bidearen hastapenetik eta etxeraino doan distantzia izanen da.

Euskal toponimiaren garrantzia

Euskal toponimia mantentzeko ahalegin honen aitzinean, bada arrangura duenik ere. Auxtin Zamora euskal toponimiaren aldeko kartsua da. Bere hitzetan, kudeaketa administratiboa errazteko, izenen ordez irudiak geroz eta gehiago erabiltzen dira. Senperen Etxez-Etxe liburuan idatzi duenez, etxeen %20ak ez du izenik. "Lehenak 1960an eraiki ziren", aipatu du. Baina "nortasun galera" honek ez die Senperen eraikitzen diren etxe guziei eragiten. Ohartu denez, jabe berri ainitzek etxearen izena atxiki edo berria ezarri dute.

2018an Oskar Alegriaren Hitz-Enean erakusketa gela ezberdinetan ikusi ahal izan zen. "Euskal kulturan, etxeak eta bere izenak antzinako ahozko mapak marrazteko baitezpadakoak izan dira", erran zuen. Garai haietan oraino ez zen paperezko maparik.

Aezkoako etxeak liburu batean

Hego Euskal Herrian ere euskal toponimiaren galera arrangura arrazoi bilakatu da. Aezkoako ibarra da horren adibide bat. Bertako Herriko Etxeak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, ibarreko etxeen izenak identifikatzeko talde bat osatu zuen. Lan honek “Aezkoako Etxeen Izenak” liburua argitaratzea ekarri zuen, zeinean etxe bakoitza bere izenarekin, argazkiekin eta azalpenekin ageri den.

Liburua joan den urtarrilaren 3an aurkeztu zen. Iñaki Caminok erran zuenez, liburua ez da bukatua, "azken buruan, etxe bakoitzaren izendapena Aezkoako biztanleei dagokielako". Onomastika Elkartearen idazkari den Mikel Belaskok herritarren dei bat egin nahi izan zien: "ez soilik etxearen izena mantentzeko, baita etxea xutik atxiki eta biziarazteko ere. Finean, etxeen izenak erabiltzen jarraitzeko, hori da behar duguna".