Kazeta

ETArekin bake prozesuaz mintzatzea ez dute delitutzat hartu

Instrukzio epaile batek Pantxo Flores eta Ramuntxo Sagarzazu kargugabetu ditu. 2015ean Baigorrin ETAren kontrako operazio batean izan ziren atxilotuak. Lehen aldia da kargugabetze bat arrazoitzeko epaile eta prokuradore bat bake prozesuaren testuinguruan oinarritzen direna.

Baigorriko aterpetxe batean atxilotu zituzten Sorzabal eta Pla, Madrideko Gobernuarekin elkarrizketa sakontzeko izendatu zituzten bi ETA kideak. © Isabelle Miquelestorena
Baigorriko aterpetxe batean atxilotu zituzten Sorzabal eta Pla, Madrideko Gobernuarekin elkarrizketa sakontzeko izendatu zituzten bi ETA kideak. © Isabelle Miquelestorena

2015eko irailean Baigorrin izan ziren atxilotuak, ETAk borroka armatuari bukaera eman eta lau urtera. Gatazkaren konponbidean jokaturiko paperagatik ezagunak ziren Iratxe Sorzabal eta David Pla ETAko kideak, Pantxo Flores etxearen jabea eta Ramuntxo Sagarzazu oiartzuarra dira atzeman zituztenak. Une hartan erakundea armak zigilatzeko prozesuan murgilduta zegoen. Azken biak kargugabetu ditu justiziak, instrukzio epaileak uste izan baitu bake prozesuaz mintzatzeko ETAko kideekin biltzea ez dela delitua. Sagarzazuren kasuan prokuradoreak posizio horrekin bat egin du.

Iratxe Sorzabal eta David Pla heldu den otsailaren 4an eta 5ean epaituko ditu Parisko zigor auzitegiak. Gaizkile taldeko kide izatea, armei loturiko arau hausteak, dokumentazio faltsua ukaitea eta estortsioa leporatzen zaie. Bitartean, Floresek eta Sagarzazuk ez dute akusatuen aulkian jarri beharko. Kartzelaratuak izan eta aste batzuetara aske utzi eta zaintza judizialpean ziren bitartean, beren abokatuek haien kargugabetzea galdegin zuten.

Ramuntxo Sagarzazuren eskaerari prokuradoreak segimendua egin zion. Sagarzazuk poliziari erran zion ETAko kideekin bake prozesuaz mintzatzeko zegoela leku hartan. Honela dio prokuradoreak: “Klandestinoki Iratxe Sorzabalekin eta David Plarekin bake prozesuaz eztabaidatzeko asmoz François Floresen etxera atxilotua izan zen egun berean heldu zela etengabe egin dituen deklarazioak dira eta ez daude dosierrean jasotzen diren neholako elementurekin kontraesanean”. Instrukzio epaileak prokuradorearekin bat egin zuen.

“Orain arte ETAko kideekiko gutxieneko harremana ukaitea gaizkile taldearekin izan da lotua”, ohartarazi du Xantiana Cachenaut abokatuak. Alta, beste epaile batzuk ere Euskal Herriko testuingurua kontuan hartu izan dute. Hau da askatasun eta atxilotzea ebazten duten bi epaileren eta dei auzitegi baten kasua.

Prokuradorearen jarreraren kontra

Pantxo Floresi dagokionez, kargugabetua izateko abokatuak egindako eskaera errefusatu zuen prokuradoreak. “Berak uste izan du nire bezeroak ezin zuela ez jakin etxean zituenak ETAko kide zirenik eta etxea ezohiko maneran alokatua izan dela nabarmendu du”, erran du Cachenautek. Beraz, gaizkile taldeko kide gisa hartzeko eskaera egin zuen. Instrukzio epaileak ez zuen horrela ikusi eta Flores kargugabetzea erabaki zuen. 

Azkenean, joan den urriaren 5ean dei auzitegiak instrukzio epailearen arrazoiketa berretsi zuen, alokairurako moldeaz azalpen aski izan zirela iritzita. “François Floresi dagokionez (...) ezin daiteke erran gaizkile talde batean parte hartu duenik (...). Erramun Sagarzazuren kasuan bezala, leporatu ahal zaion elementu bakarra ETAko kideekin bake prozesuaz mintzatzeko edo eztabaida dezaten permititzeko harremana egin izana da”, zehazten du. Eta segidan gehitzen du: “2007an terrorismoagatik atxilotua izate hutsak ez du erran nahi ETAren interesarekin bat egitea edo Iratxe Sorzabal eta David Plaren ekinbide klandestinorako laguntza logistikoa emateko borondatez jokatzea”. Baigorriarra 2007an Donibane Garaziko Kalaka ostatuaren kontrako operazioan atxilotu ondotik, espetxeratua izan zen. Hamaika urte igaro badira ere, oraino epaiketaren zain da.