Kazeta

Hitz baikorrak Elkargoaren bigarren urteurrenean

Joan den urtarrilaren 18an Euskal Elkargoak bilkura ukan zuen Kanbon. Jean-René Etchegaray lehendakariak bi urteko bilana egin zuen. Erran zuenez, egungo testuinguru politiko eta sozialean orain arte egindako bidea egokia izan da, “herritarren zalantzei erantzuteko gai izan direlako”.

Jean-René Etchegaray Elkargoko lehendakariak testuinguru politiko eta soziala ekarri zuen gogora agiantzen ekimenean. ©Isabelle Miquelestorena
Jean-René Etchegaray Elkargoko lehendakariak testuinguru politiko eta soziala ekarri zuen gogora agiantzen ekimenean. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Elkargoaren agiantzen bigarren zeremonia Kanbon iragan bazen ere, bertako auzapez den Bernadette Jougleux ez zen bertaratu. Christian Devèze axuanta arduratu zen haren hitzak errateaz. “Gure herriek lurraldearen antolaketatik ekintza eraginkor bat partekatzea” da bere desiorik handiena. Abenduaren 15ean Sarako auzapezak erabilitako niniaren metaforari tiraka, “hazten ari den nini bat dugu eta bere ondoan egon behar dugu”, erran zuen.

Etxebizitzaz arduratzen den Paul Baudry lehendakariordeak 2006an Errobiko herri elkargoan egin ziren lehen bilkuretan zalantzak izan zituela aitortu zuen. Alta, “bi urtetan lan handia egin dela” onartu zuen. “Urte batzuen buruan gure herrietan buru izanen diren pertsonek `zorionez, egin zuten´ erranen dute”.   

Jean-Marie Martineau zerbitzuetako zuzendariak ere niniarenari heldu zion: “bizian 3 urte aitzin dena jokatzen da”. Elkargoaren lehendakariarengana zuzendu eta zoriondu zuen: “Egindako lanaz harro egon zaitezke”. Segidan, zerbitzu publikoaren garrantzia azpimarratuz, “elkarrizketa sozial lasaiak giza baliabideen sistema harmonizatzea ahalbidetuko duela” gaineratu zuen.

“Elkargo herritarra nahi dugu”

Jean-René Etchegaray Elkargoko lehendakariak testuinguru politiko eta soziala ekarri zuen gogora: “Frantzia aldatzen ari da, baina ez da garapen bat ez iraultza bat. Krisi hau territoriala da, gure gobernatzeko moldeak interpelatzen baititu”. Ildo horretan, zalantzaz beteriko munduan orain arte egindako bidea egokia izan dela berretsi zuen.

“Hemen behar den erantzunari ekarpena egiten diogu. Guziok elkar ezagutzen dugu eta aspaldi ari gara eraikuntza lanean”, gaineratu zuen. Adibide gisa aipatu zituen Biltzarra, Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua, Tokiko lur publikoen gunea (EPFL), Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Hirigintza Agentzia. Bere ustez adibide horiek erabaki zuzenak hartu izan direla erakusten dute.

Etchegarayk baikortasunerako deia egin zuen, “herrialdearen animo egoera iluna bada ere”. Bere nahia Elkargo herritarra lortzea dela erran zuen, “pertsonek dituzten beharren isla diren deliberoak hartu ahal izateko”. Segidan konpetentzia nagusiak marraztu zituen, ekonomia, laborantza, turismoa, etxebizitza edo mugikortasuna aipatuz.

Bere hitzartzearen bukaeran Emmanuel Macronen gobernuak Frantzian abiatu duen “eztabaida nazionala” hartu zuen hizpide. “Guretzat, hau baliatu behar den aukera bat da”. Lurralde Kolektibitateen kodeak “XXL komunitateak” aitortzen ez dituela eta, nabarmendu zuen “ezberdintasunerako eskubide honek eztabaida horren erdian” egon beharko lukeela.