Kazeta

Donibane Garazi: proiektu berriak ezagutarazi ditu auzapezak

Joan den urtarrilaren 18an urteko agiantza izan zen Donibane Garaziko Herriko Etxean eta bertako auzapez den Alfonso Idiartek urteko bilana eta proiektu berriak aurkeztu zituen.

Alfonso Idiart, Donibane Garaziko auzapeza 2001az geroztik. ©Bob EDME
Alfonso Idiart, Donibane Garaziko auzapeza 2001az geroztik. ©Bob EDME

Bete-beterik zen bilkura batean, Anfonso Idiart Donibane Garaziko auzapezak 2018ko bilan positiboa egin eta urte honetako apustuak aurkeztu zituen. Hauen artean garrantzitsuena, 2020 urtean idekiko litzatekeen mugaz gaindiko sokorri gune baten sorrera izanen da. Proiektuak hiru milioiko balioa ukaitea aurreikusten da eta Pirinioetako bi aldeetako profesionalak bilduko lituzke. Lanak martxoan hasi eta hamar hilabetez luzatuko dira.

Idiarten arabera, 2018a ona izan da. Proiektu batzuk arrakastatsuak izan dira eta beste batzuk egitasmo berrietarako ateak ideki dituzte. Iaz gune “akualudikoa” sortu zen, auzapezaren hitzetan, “Euskal Herriko barnealdean den bakarra da, egitura moderno eta erosoa”. Beste proiektu bat igerilekua izandakoaren egokipena izanen da. Xedea da belaunaldi ezberdinak bilduko lituzkeen erabilera anitzeko gune batean bilakatzea. “100-150 pertsona biltzeko gela bat eraikiko dugu eta baita adineko pertsonak instalatu ahal izateko leku bat ere. Haurrentzat parke bat egitea ere aztertzen ari gara. Horretan pentsatzeko urte osoa dugu”, azaldu zuen.

2018ko bilanari dagokionez, Idiartek Garat trinketaren berrikuntza lanak nabarmendu zituen. 200.000 euroko buxeta izan dute lanek. Bestalde, diruzaintza Donibane Garazin atxikitzeaz kontent agertu zen, garaztar eta inguruko herrietako biztanleentzat tokiko zerbitzu garrantzitsua delakoan. Turismoari dagokionez, 2018an 50.000 erromes iragan dira Donibane Garazitik. Marka berria da hori, baina halere, auzapezaren arabera urtean bataz besteko jende kopurua ibili da.

Auzapezak Baxe Nafarroako hiriburuak Euskal Elkargoan duen lekuari ere aipamena egin nahi izan zion. “Oraino ibiltzen hasia da eta politikoki findu beharra dago”. Elkargoaren sorreratik, eskumen batzuk esleitu zaizkio, horien artean, urtero hirian eragina izan ohi duten uholdeen kontrako plana.