Kazeta

Buxet parte hartzailea: baionarrak bozkatzera deituak izanen dira

Baionako Hiriak “garapen iraunkorrari” loturik biztanleek proposaturiko proiektuak bozkatzera eramanen ditu. Auzoetako konpostagailuak, garaje partekatuak, presondegiaren berregokitzea... Otsailaren 2tik 10era egitasmo gogokoenak hautatuko dira, orotara 200.000 euroko buxeta izanen dutelarik.

Deialdiaren proiektu irabazleak otsailaren 11ko astean ezagutaraziko dira.
Deialdiaren proiektu irabazleak otsailaren 11ko astean ezagutaraziko dira.

Baionarrek irailaren 27tik urriaren 28ra arteko epealdia izan dute buxet parte hartzailean haien proiektuak aurkezteko. Orotara ehundik goiti egitasmo aurkeztu dira. Demokrazia parte hartzailea ardatz izan nahi duen ariketa honetarako esleituko den diru kopurua 200.000 eurokoa da. Egindako lehen instrukzio baten ondotik, Herriko Etxeak 22 proiektu atxiki ditu. Baionarrek 3 proiektu gogokoenak bozkatzeko izanen duten epea otsailaren 2tik 10erakoa da.

45 proiektuk hiria bere osotasunean kontuan hartzen dute (bizikletak aparkatzeko lekuak, hiri baratzeak, bikote linguistikoen antolaketa...). Haietariko 19 San Izpiritu, Zitadela eta San Frederic hartzen dituen distrituari begirakoak dira. Errate baterako, badira garaje partekatu eta solidarioa proposatzen dutenak, edota presondegia arraberrituz, eremu hori musika eskola, lerratoki edo lorategi gisa ikusi nahi dutenak. Mugimendua detektatuz argi farola “adimentsuak” instalatzeko ideia ere mahai gainean da, eta baita Ipar Baionako biribilgunean autoen erabilera partekatzeko gune bat eratzekoa ere.

Baiona Tipirako eta Handirako 14 proiektu izan dira aurkeztuak. Roland Barthes zelaigunea egokitzeko proposamena ere egina izan da, bertan belaunaldien arteko eremu bat sortzeko xedez. Ingurumenari loturik, auzoetan konpostagailuak ezarriko lukeenik ere bada.

Elkartasuna eta iraunkortasuna ardatz

104 proiektuak gai berdintsuen ingurukoak badira (hondarkinen murrizketa, mugikortasuna, partekatze eta elkartasuna...), hori arauetan ezarri baldintzen ondorio bat da. Izan ere, baitezpadakoa izan da “garapen iraunkorrari” loturiko logika bati erantzutea. Arau horien artean, proiektuek “beren erabileraren bidez irabazi pribatuak ez dituztela sortu behar” finkatzen da eta baita “mantenuan ahalik eta gastu ttipiena sortu behar dutela” ere. Proiektuek 12 eta 18 hilabeteren buruan egingarriak izan beharko lukete.

Baionako Herriko Etxeak jadaneko 22 proiektu atxiki ditu. Otsailaren 1era bitarte, proiektuen bideragarritasun teknikoa, finantzarioa eta legala egiaztatuko ditu. Hamarna herritarrek eta hautetsik osaturiko segimendu batzorde batek buxet parte hartzailearen etapa bakoitzeko ibilmoldea bermatuko du eta bozketara eramanen diren proiektuak onartuko ditu.

Nola bozkatu?

Otsailaren 2tik 10era bederatzi urte goitiko baionar guziek bozkatu ahalko dute, internet bidez edo Herriko Etxean berean. Proiektu irabazleak otsailaren 11ko astean ezagutaraziko dira.

Herritar bakoitzak hautagarri diren 3 proiektu ezberdin bozka ditzake. Internet bidez Baiona Hiriko web atariko L´Atelier Citoyen atalean klikatuz sartu ahalko da bozkatzera eta paperean egin nahi izanez gero, Herriko Etxera bertaratu beharko da. Proiektuen zerrenda osatzen joango da, bakoitzak lortzen dituen puntuen arabera.