Kazeta

Biarritzeko G7 gailurrak merkatarien ezinegona handitu du

Joan den abenduaren 18an Jean-Yves Le Drian Frantziako Kanpo Arazoetarako Ministroaren jitea izan zela eta, Clemenceau plaza hetsi zuten. Holako neurriak 2019ko agorrilaren 25etik 27ra eginen den G7 gailurraren aurrekari gisako bat izan daitezke. Gainera, dataren hautapenak arrangura sortzen du Biarritz erdiguneko merkatarien artean.

Poliziaren presentzia oso nabarmena izan zen Biarritzen abenduaren 18an. © Maite UBIRIA
Poliziaren presentzia oso nabarmena izan zen Biarritzen abenduaren 18an. © Maite UBIRIA

G7 gailurra heldu den agorrilaren 25etik 27ra eginen da Biarritzen eta munduko zazpi potentzia nagusiak bilduko dira Lapurdiko kostaldeko herrian. Clemenceau plazako merkatariak kezkatuak dira. Erran-merranen arabera, saltokiak hiru egunez edo gehiagoz hetsi beharko dituzte. Biarritzeko auzapezak, haatik, idekiak izanen direla segurtatu du.

Merkatariak joan den urtarrilaren 16an bildu ziren Michel Veunac-ekin. Jeannek ez daki G7a nola iraganen den. Dakien bakarra da agorrila erdialdeko egun batek 4.000 euroko sartzea ekartzen diola. Hiru egunez edo astebetez saltokiak hetsi beharko dituztenaren erran-merranen aitzinean honakoa dio Le Royalty jatetxeko kudeatzaileak: “ministroa Biarritzera heldu baino zortzi egun aitzin dena ongi pasako zela eta jatetxea ez nuela hetsi beharko zioen posta elektroniko bat jaso nuen". Baina egun horretan ezarri zituzten hesiak zirela eta, nekez heldu zen bere lantokira. "Pena bat da", deitoratu du. "Poliziak jatetxea hesteko aholkua eman zidan!". Egun hartan ez zen bezerorik joan bazkaltzera. Le Georges kafetegian ere hetsi beharko dutela uste dute, baina egun ez dakite fitsik.

Veunac: “komertzioak idekiak izanen dira”

Urtarrilaren 15ean Michel Venauc-ek "informazio askirik ez eman izana" onartu zuen eta bere erranetan, "normala da zalantzak egotea". Adierazi zuenez, "hiriko ordezkariak merkatari elkarteekin elkartu dira. Asteazken honetan (urtarrilak 16) ostalarien txanda izanen da, ondotik eraikinetako sindikuena...". Bestetik, bilkura informatibo hauez gain, Herriko Etxeak ondoko sei hilabeteetan gune informatibo bat eta doako telefono zenbaki bat jarriko dituela iragarri du.

Veunac-en hitzetan, Biarritzeko aktibitatea "normaltasunez" iraganen da eta gailurraren garaian komertzioak idekirik izanen direla segurtatu du. Prefeturak eta Herriko Etxeak ondoko astean jakinaraziko dute zeintzuk izanen diren segurtasunezko eremuak. Biarritzeko auzapezak ahalik eta murritzenak izan daitezela galdegin omen du. Kontrol handiko gune gorria Hotel du Palaisetik Bellevue eremura bitartekoa izanen da, herriko Kasinoa barne harturik. Eremu urdinean, sartzea kontrolatua izanen da, baina bertako biztanleak eta profesionalak ikur batekin ibili ahalko dira.

Amigorena: "hiria abantzu setiaturik egonen da"

"Mugapenak abantaila bihurtu behar ditugu”, jarraitu zuen Veunac-ek. Abenduaren 14an iragarri zen bezala, aktore ezberdinak biltzen dituen "lurraldearen balorizaziorako batzorde" bat sortu da (Eskualdeak, Euskal Elkargoak, Garapen Kontseiluak eta Merkataritza Ganberak osatzen dute). Prentsa bidaiak eta komunikazioa baliatuz, bere xedea gailurraren urte osoan zehar lurraldea, bere ekonomia eta kultura ezagutaraztea da. 

Oposizioko hautetsi den François Amigorenak uste du "sinestarazten digute etekin ekonomikoak izanen direla", kostaldeko herriak duen ospeari erreferentzia eginez. Alta, kontrakoa gerta litekeela azaldu du, bereziki "gailurra bortizkeria giro batean garatzen bada", joan den abenduaren 18an gertatu bezala. "G7 bakoitzean manifestazioak izaten dira, liskarrak... Aitzineko gailurretan segurtasun sistemak hamar edo hamabost egun aitzin ezarri ziren", erran du. "Hiria abantzu setio egoeran izanen da".

Amigorenak Biarritzen helbidea duten herritarrak eta merkatariak biltzen dituen Facebook talde bat sortu zuen (Biarritz Notre Ville). Urtarrilaren 7an galdera hau eginez inkesta bati ekin zion: "Ados zara G7 gailurra agorrilaren 25, 26 eta 27an egitearekin?". Parte hartzaile gehienek kontra bozkatu dute eta hautetsiaren arabera, jasotako 90 iritziek desadostasun zabala erakusten dute.