“Ingeniariek biharko mundurako aterabide berriak aurkitzeko aukera bat”

Ingeniaritza eskolak eta urgentzia ekologikoa ongi uztartzen ote dira? 2018ko azaroan, Centrale Nantes Eskolan diplomaturiko ikasle batek zabalduriko bideoak harrabotsa sortu zuen. Clément Choisnek klimaren aldeko borrokaren defentsa sutsua egin zuen, bere eskolak trantsizio ekologikoari buruz duen ikuspegia eta eskaintzen dizkion baliabideak zalantzan jarriz. Bere mezuak hedabideetan eta sare sozialetan oihartzun zabala ukan du. Gaiari tiraka, MEDIABASKek Bidarten kokaturik den ESTIAren (Industri Teknologia Aurreratuen Goi Eskola) zuzendari Patxi Elissalderengana jo du, ingeniaritza ikasketetan den kontzientzia ekologikoaz mintzatu delarik.

Kazeta|2019/01/18 07:35|0 iruzkin
0702_eko_bidarte
Patxi Elissalde.

Nola jaso duzu ikasle honek bere graduazio egunean ingeniaritza ikasketak zalantzan jarri izana?

Bideo honek sare sozialetan ukandako oihartzunak harritu ninduen gehien, baina formak gehiago bere diskurtsoaren esentziak baino. Gonbidatu, familia eta irakasle andana bat dagoen graduazio ekitaldia halako mezu bat emateko hautatzea ez dirudi egokiena denik. Edukiari begiraturik, ez nau harritzen. Nire iritziz diskurtso horrek ingeniaritza ikasleen sentimendu partekatu bat islatzen du, bereziki ESTIAn, bere lanari eta engaiamendu profesionalari zentzua ematen entseatzen den heinean.

Formazio zientifikoa duen ingeniari batek hastapenetik galderak egiten eta gauzak zalantzan jartzen ikasten du, bere burua kuestionatzeraino. Ikasle honen diskurtsoa jasotako gaitasun kurtso baten ondoriozko kontzientziaren ispilu da. Honek lan munduan garapen jasangarriaren nozioen inguruko galderak egitea, ikastea, sakontzea eta esperimentatzea permititu dio. Bere proiektu pertsonal eta profesionala sinesten duen kausa batean inplikatuz gauzatuko duela pentsatzen dut.

Nola lantzen da gai hori ESTIAk eskaintzen dituen formazioetan?

ESTIAko ikasleen gehiengoa zientzia eta teknika biziki maite dituztelako daude bertan. Gauzak pentsatu eta jende guzien biziak hobetzeko jendarteari ekarpen bat egin nahi diote. Ingeniaritza lanbidearen zentzua hemen aurkitzen da. Nahiz eta aterabide guziak teknikoak ez izan, teknologiak ezagun ditugun arazo sozialei aterabideak eskaintzen ahal dizkie, erraterako, trantsizio digitalari, inklusioari edo klima nahasmenduari loturikoei.

ESTIAk eskaintzen dituen ikasketen ezaugarrietako bat aldaketaren eragile, autonomo eta arduratsu izanen diren ingeniari berritzaileak formatzea da. Behin gaitasunak eskuratu dituztenean, gure ikasleek jendartearentzat eta ingurumenerako aterabide egokiak pentsatu eta plantan ezarriko dituzte. Hori da gure eskolan irakastea erabaki duguna. Etorkizuneko ikasleek ESTIAn berean sartu aitzin honen gainean kontziente izanen direla espero dugu. Oro har, hau ingeniaritza eskola ainitzetan aurkitzen den ezaugarria da. Medikuek Hipokratesi zin egiten dioten gisan, ingeniariek badute beren karta etikoa, zeinaren bidez garapen iraunkorrerako ikuspegian doazen ekintzekiko engaiamendua hartzen duten.

Zuen ikasleek trantsizio ekologikoaren gisako gaiekiko kontzientzia dutela uste duzu?

Gure ikasleentzat ingurumenarekiko errespetuzko desmartxaren parte izatea nahiko naturala dela iruditzen zait. Gai hau erregularki ateratzen da. Arlo horretan ESTIAren baitan ekintzaile elkarterik ez bada ere, haien jarrera eta erreakzioetan ikusten dugu hori. Orientazio profesionalean ere sumatzen da. Gure eskolatik ateratzen diren ikasle ainitzek energia berriztagarrien eremuan lan egin nahi dute. Hirugarren kurtsoan badugu Donostiako Unibertsitatearekin titulazio bikoitz bat. Hamabost ikasle inguru tokiko elektrizitatearen ekoizpenari eta kontsumoari loturiko gaitasunak eta ezagutzak garatzen ari dira. Eskolan energia berriztagarriei begira eskaintzen ditugun kurtso berezituek ere arrakasta handia izaten dute.

Baina ikasleek ekologiari loturiko gaiekiko duten interesa haien proiektuetan eta parte hartu ohi duten konkurtsoetan ere islatzen da. Erraterako, joan den irailean ESTIAko ikasle talde batek energian autonomoak diren barkuak garatzeko HydroContest konkurtsoan sari bat irabazi zuen. Gure ikasleak mundua aldatzen ari dela, beroketa globala errealitate bat dela eta ekintzara pasatzeko urgentzia bat badela nabarmen jabetzen dira. Guziontzat mehatxua da, baina baita ingeniariek biharko mundurako aterabide berriak pentsatu ditzaten aukera bat ere.

ESTIAk enpresentzat hazitegiak garatu ditu. Egitasmo hauek biharko Euskal Herriaren eraikuntzaren parte izanen dira. Bereziki berritzaileak diren proiektu batzuk aipa ditzakezu?

Berez, ESTIAn enpresentzat hazitegiak ditugu, baita inkubagailu bat eta ikasleek haien proiektu pertsonalak garatu ahal izateko eremu bat ere. Egun, talde bat energetikoki autonomoa izanen den berotegi batekin ari da lanean. Bere helburua marrubiak eta barazkiak ekoitziko dituen berotegi ttipi bat egitea da, berreskuraturiko euriaren ura baliatuz eta hau eguzki panelekin berotuz. Proiektuak funtzionatuko balu, haien ideia kontzeptu hori zabalduko duen enpresa bat sortzea da.

Trantsizio energetiko eta ekologikoaren ildoan doazen hamabost bat proiektu daude enpresa-sortzaile diren ikasleen artean. Batzuk estalki biodegradagarriekin lan egiten dute, beste batzuk Europako espazio agentziarekin batera astronautek erabiltzen dituzten jantziekin. Haien xedea da denbora gehiago iraunen duten materialak sortzea eta espaziora botatzeko biodegradagarri izatea. Gure eskolan gai ekologikoei loturiko proiektuak ez dira eskas. Aipatu nahi nuke ere itsasoan den plastiko inbasioari buru egin nahi dion egitasmoa edo hondarkinak gutituko lituzkeena. Beste arlo batean, bada autoak egunerokoan partekatzeko kontzeptuan lanean ari den talde bat.