Kazeta

Herri Urrats “LK” lelopean iraganen da maiatzaren 12an

Aurtengo Herri Urrats “LK” lelopean iraganen da maiatzaren 12an Senperen. Ekimenaren irabaziak Baionako Estitxu Robles Arangiz eta Bernat Etxepare lizeoko obrak finantzatzeko baliatuko ditu Seaskak.

Aurtengo Herri Urrats aurkeztu dute urtarrilaren 16an Baionan. ©Bob EDME
Aurtengo Herri Urrats aurkeztu dute urtarrilaren 16an Baionan. ©Bob EDME

Aurtengo Herri Urratsa berezia izanen du, Seaskak 50 urte egiten ditu-eta. Eta horrekin lotuta dator edizio honetako leloa: 'LK'. L letra 50 da zifra erromatarretan eta K hizkiak, euskaraz, plurala adierazten du. Horretaz gain, "elekatu" hitz egitearen sinonimo da, "elekatuz lortuko dugu-eta gure hizkuntzari jendartean zor zaion lekua". Azkenik L eta K lizeo eta kolegio hitzen lehen hizkiak dira eta aurtengo etekinak Estitxu Robles kolegioko berritze lanak eta Bernat Etxepare Lizeoko handitze lanei bideratuta egonen dira, Naiz atariak azaldu duenez. 

Maiatzaren 12an antolatuko da Senperen aurtengo Herri Urratsa. "Euskara ikastea, euskaraz ikastea eta euskaraz mintzatzea gure hizkuntzaz gozatzeko ezinbesteko urratsak dira", adierazi dute gaur goizean egindako agerraldian. Aipatu dutenez, 2016 urteko azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herriarn euskararen gainbehera eten egin da eta berreskuratze bidean dago.

Doinua aurtengo jaiari En Tol Sarmiento arabarrek jarriko diote, Maddalen Arzallusen letrekin. Paxkal Etxepareren grabaketa estudioan eginen dute asteburu honetan zehar.

Maiatzeko hitzorduaz gain, otsailaren 10ean Bectso saioa eginen dute Senpereko Larreko gelan. Bertan, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak izanen dira. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Ikastoletan, Herri Urratsen webgunean edo Baionako Elkar dendan lor daitezke sarrerak dagoeneko.

Bestetik, urtarrilaren 25ean bertso afari bat egingo dute Astigarragako Zapiain sagardotegian.