Xiberoak tokiko arno xuria izanen du

Hilabete gutitan mahastiak landatuko dira Mauleko Agerriako lurretan. Urrats hau ardotzearen aitzin etapa izaten da. Ekoiztuko den mahatsarekin lauzpabost urtetan arno xuria ukaiten ahalko da.

Kazeta|2019/01/16 14:15|0 iruzkin
Agerria_005
Mauleko Agerriako lurretan landatuko dira mahastiak. ©Mediabask

Jakina da Irulegin eta Biarnoko Jurançonen arno ainitz badela. Eta Xiberoan? Herrialdeko hogei laguneko talde batek parioa egitea deliberatu du. “Vigne et Vin, Vivi” proiektua abian da: udaberri honetan mahastiak landatuko dira Agerriako lurretako maldetan.

Mauleko gainetan ez da leku faltarik. Eremuak 97 hektarea ditu eta inguruko pentze eta oihanek 100 hektarea betetzen dituzte. Mauleko auzapez den Michel Etchebesten arabera, hastapenean 1,5 hektarea landatuko dira. Heldu den urtean lur horietako beste eremu batean bigarren puzka bat landatuko da.

Proiektua gidatzeko teknikari bat kontratatuko dute eta lauzpabost urteren buruan ardotuko lirateke jasotako mahatsak. Proiektuaren sustatzaileek, enpresetako nagusiek eta norbanakoek arno xuriaren alde egin dute. “Ekimen honen bidez lurraldeko mahastizain ttipiak mobilizatu nahi dituzte, mikro-sektore bat sortzeko”, erran zuen Mauleko auzapezak.