kazeta

“Eztabaida nazionala” abiarazi du Macronek

“Jaka horien” mugimenduaren eta oro har Frantziako Estatuko krisiaren aitzinean, “Grand débat national” izeneko eztabaida abiatu da urtarrilaren 15ean.

Txaleko horien mugimenduari erantzun bat ekartzeko bultzatu du eztabaida Emmanuel Macronek. © Isabelle MIQUELESTORENA
Txaleko horien mugimenduari erantzun bat ekartzeko bultzatu du eztabaida Emmanuel Macronek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Frantziako Estatua azken hilabeteetan murgildurik den krisia dela eta, Emmanuel Macronek heldu den martxora arte luzatuko den “eztabaida nazional handia” abiarazi eta bertan parte hartzeko deia egin du. Bere erranetan, helburua “haserreari aterabideak” ematea da.

Igandean argitaraturiko gutun batean, Macronek lau eztabaidagai nagusi proposatu ditu: fiskalitatea eta gastu publikoa, zerbitzu publikoen antolaketa, trantsizio ekologikoa eta demokrazia eta herritartasuna. Eztabaida hogeita hamar galderaren inguruan garatzea da bere asmoa. Macronek debekaturiko galderarik ez dela izanen erran badu ere, muga batzuk ezarri ditu. Konparazio batera, zergen eremuan jadaneko bozkatuak izan diren erreformak ez lirateke zalantzan jarriko, horien artean, aberastasunaren zergaren kentze partziala.

Urtarrilaren 15etik landa, Frantziako herritarrak “Grand débat national” plataforma numerikoan parte hartzera gomitatuak dira. Telefono deia urririk egiteko zenbakia ere eskuragarri jarri dute. Horrez gain, Frantziako Estatuan tokiko bilkurak antolatuko dituzte. Edouard Philippe Lehen Ministroak “ekimena hartu eta ahalik eta eztabaida zabalena lortzeko gure herrikide bakoitzarekin” kontatzen dutela erran zuen.

Eztabaida hau zuzenduko dutenak Emmanuelle Wargon Trantsizio Ekologikorako Ministroaren estatu idazkaria eta Sébastien Lecornu Lurralde Kolektibitateetako Ministroa izanen dira. Eztabaidaren independentzia segurtatu nahi dutela adierazi dute eta horretarako, bost pertsonalitatez osaturiko berme batzorde bat eratuko dute. Haietako bi gobernuak hautatuko ditu eta gainerateko hiruak, hurrenez hurren, Asanblada Nazionaleko presidenteak, Senatukoak eta Kontseilu ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak izendatuko dituzte. Urtarrilaren 18an aurkeztuko dute batzorde hori.

Maila lokalean

Ezohiko eztabaida hau antolatzeko, prefeturek pertsona erreferenteak izendatu dituzte. Pirinio Atlantikoetako departamenduan prefeturako idazkari nagusia den Eddie Bouttera izanen da arduraduna, “aktore guziak entzun eta tokiko eztabaiden antolakuntza materialki errazteko”. Langintza horretan Baiona eta Oloroe-Donamaria distrituetako suprefetek lagunduko dute, haiek omen direlakoan hautetsien eta tokiko eragileen lehen solaskideak.

Baionari dagokionez, parte hartzeko bideak jakinarazi dira. Gisa horretan, baionarrek Bernède karrikan den Cassin harrera gunean egin dezakete ekarpena. Herritarrak Herriko Etxearekin ere harremanetan sartzen ahal dira, posta elektroniko bidez (granddebatnational@bayonne.fr) edo posta arruntez.

Erreakzioak

Ipar Euskal Herriko alderdi politikoen erreakzioak fite heldu ziren. Euskal Herria Bai mugimendu abertzaleko bozeramaile den Anita Lopepek honakoa erran zuen France Bleu Pays Basque irratian: “EH Baik beti defendatu ditu eztabaida eta erabaki politikoetan herritarrak inplikarazi nahi dituzten mota honetako ariketak. Baina eztabaida hau garatuko den testuingurua berezia da eta ariketa lanjerosa bihurtzen da. Gobernuaren jito autoritario baten erdian heldu baita.”

Les Républicains alderditik Pirinio Atlantikoetan senataria den Max Brissonek “ideiak eta proposamenak badituztela” erran zuen bere Twitter kontuan. Haren alderdiak parte hartuko duela iragarri zuen, baina gisa berean, adi egonen direla ohartarazi zuen, “frustraziorik egon ez dadin”.

Génération.s alderdiko Mehdi Ouraouik ere, sare sozialak erabiliz, Macronek igandean idatzitako gutuna kritikatu eta justuki garrantzitsuena bertan falta diren oinarrizko hitzak direla erran zuen.

Bere aldetik, Vincent Bru En Marcheko diputatuak uste du eztabaida honek tentsioak apalduko dituela eta debatea errespetuz egiteko deia egin zuen, hori delakoan “elkarrekin bizitzeko baldintza”.