Diskriminazio sindikala izan denaren susmoak Castoraman

Baionako zigor auzitegiak Angeluko Castorama saltegiko lau delegatuk diskriminazio sindikala pairatu zuten edo ez deliberatuko du heldu den otsailaren 12an.

Kazeta|2019/01/15 13:54|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-01-11_a_10
Castoramaren aburuz, hilabetesari emendatzea langile "hoberenei" zuzendua litzateke.

Lan ikuskaritzak egindako inkesta baten arabera, Angeluko Castorama saltegiko LAB sindikatuko lau delegatuk gainerateko langileek baino 100 euro gutiago jaso zituzten hilabeteko sarian. Orain 2011 eta 2012 urteetako soldata errekuperazioa galdegiten dute. Bitartean, saltegiko arduradunak joan den urtarrilaren 9an Baionako auzitegira joan ziren haien azalpenak ematera.

Lau sindikalistak beren engaiamenduagatik diskriminatuak izan direla uste du lan ikuskaritzak, inkestak 60 eta 100 euro arteko diru galera erakutsi baitzuen. Alta, prokuradoreak inkestan hutsuneak izan direla deitoratu du eta Castorama salbu uzteko galdegin du. 

Afera 2011koa da, sindikatu abertzaleko lau delegatuek lan ikuskaritza ohartarazi eta inkesta bat idekitzeko eskatu zutenean. Haien soldaten inguruko zalantzak zituzten. Frank Hervé saltegiko langile izandakoak ez du zalantzarik: "Argi zegoen, lankideekin mintzatuz, gutiago ordaindu ziguten". Bere hitzetan, ez ziren diskriminatu zituzten bakarrak: "CGTk ere prozedura bat ideki zuen eta Castorama kondenatu zuten", erran du.

Joan den urtarrilaren 9ko bista ez zela nahi bezala iragan azaldu du Hervék: "lehengo prokuradorea ikustea espero nuen, kasua berak segitu baitzuen eta gure alde zen". Azken mementoko aldaketa hori ez zitzaion jakinarazi eta kexu da: “Nola da posible aste bat besterik ez daraman prokuradore batek gure dosier osoa ezagutzea?".

Castoramako langile ohia borrokatzeko prest da, baina akitzen ari dela onartu du. "Prozedura hau zinez luzea da. Orain epaiketara goaz, prokuradore berri horrekin..." Hervék nahi duen bakarra justizia egitea da. "Badira milaka euroko kalte ordainak eskatzen dituzten jendeak, baina guk 2011n eta 2012an gure soldatetan jaso ez genuena konpentsatzea da eskatzen dugun bakarra".