Kazeta

Frantziako Estatua oldarraldi errepresiborako prestatzen

Edouard Philippe Frantziako Lehen Ministroak joan den urtarrilaren 7an “lege berria” iragarri zuen. Honen arabera, mobilizazioetako bazter nahasleentzat eta deklaratu gabeko manifestazioetarako neurri gogorragoak izanen dira. Gisa berean, ustez biolentoak diren manifestariak prebentzioz atxilotzeko aukera jasoko luke legeak.

Manifestazio bat ez deklaratzea gaztigatu nahi dute Gobernu buruek. ©Isabelle Miquelestorena
Manifestazio bat ez deklaratzea gaztigatu nahi dute Gobernu buruek. ©Isabelle Miquelestorena

Frantziako Estatuan azken hilabeteetan bizi den egoera gatazkatsuaren erdian, neurri errepresibo berriak iragartzen ari dira. Bruno Retailleau Frantziako Senatuan Les Républicaines talde parlamentarioaren presidentea da lege proposamenaren egilea: “Ezin dugu desarmaturik segitu, ekin behar diogu, baditugu tresnak”, erran zuen.

Lege horrek manifestazioetako bazter nahasleen artean erantzukizun zibila hedatu nahi du. Gisa berean, manifestazio bat ez deklaratzea gaztigatu eta kaputxa bat eramatea delitu bihurtu nahi du. Beste neurririk ere iragartzen da: manifestazioak debekatu nahi dira eta ustez biolentoak diren eta artxibategiren batean identifikaturiko manifestariak prebentzioz atxilotzeko aukera zabalduko luke.

Edouard Philippe Frantziako Lehen Ministroak urtarrilaren 7an telebista kate batean iragarri zuenez, lege berria Frantziako Asanblada Nazionalean otsailaren hastapenean eztabaidatuko da.

Erantzun autoritarioa

Philippek iragarpena egin eta hurrengo egunean, Giza Eskubideen Ligak (LDH) askatasunen kontrako legetzat hartu zuen proiektua. Bere ustez neurri horiek “manifestazio eskubiderako eta jende guzien adierazpen askatasunerako mehatxu serioak dira”. 1970eko “bazter nahasleen” kontrako legera itzultzea litzatekeela salatu du erakundeak. LDHk autoritarismoaren hautua egiten dela deitoratu eta lege hori demokraziarako eta askatasunetarako lanjerosa dela uste du.

Alabaina, Max Brisson senataria lege berri honen alde ager da. “Errepublikak bere burua defendatzea beharrezkoa da. Gutxiengo aktibo batek ordena errepublikanoa eta instituzioak eraitsi nahi ditu eta Errepublikak ez du hori egiten utziko eta armatu behar du”, erran du.

Estatuaren indarkeriaren zilegitasuna

Zifra ofizialetan oinarrituz, jaka horien mugimendua abiatu zenetik 1.407 manifestari zaurituak izan direla jakinarazi zuen Amnistia Internazionalak abenduaren 17an. Egun bat berantago, 19 urteko Lola Villabrigari flash-ball motako bala bota zioten aurpegira Biarritzen, banku batean filmatzen ari zen bitartean. Kasu horrek erakusten du poliziak ez dituela soilik ustez bortizkeria erabiltzen dutenak erasotzen.

Bortizkeria poliziala zilegi dela uste du Max Brissonek eta “poliziarekiko guztiz solidarioa dela” adierazi du. “Demokrazia batean indarra estatuari dagokio, beraz, defendatu ahal izateko, estatua biolentoa izaten ahal da”. Eta ildo beretik segitzen du: “demokraziak defendatzeko armak behar ditu eta bortizkeriaren aitzinean maleruski indarkeriarekin erantzun behar dugu”.

Europan GL1-F4 granadak erabiltzen dituen bakarra Frantziako Estatua da.