Kazeta

Erretretadunak haserre eta diputatuak “zaintzapean”

CGT sindikatuaren erretretadun ordezkaritza batek Florence Lasserre-David diputaturi beren aldarrikapenei erantzuteko galdegin dio. Vincent Bru diputatuak ere urtarrilaren 11n errezibituko ditu. Hilaren 31rako sindikatuen artean ekintzarako eguna iragarri dute.

Erretretadunak Florence Lasserre-David diputatuarengana joan dira urtarrilaren 7an. ©Mediabask
Erretretadunak Florence Lasserre-David diputatuarengana joan dira urtarrilaren 7an. ©Mediabask

2019 urtea hasi berritan, joan den urtarrilaren 7an, CGT sindikatuaren erretretadunak Florence Lasserre-David diputatuarekin bildu ziren, honek Angelun duen bulegoan. Ostiralean, hilak 11, gauza bera eginen dute Vincent Bru diputatuarekin. Erretretadunek gizarte ekarpen orokorraren (CSG) emendatzea bertan behera geratzea, pentsioak hobetzea eta partekatzeko pentsioa mantentzea eskatzen dute.

Bosgarren barrutiko diputatuaren bulego aitzinean 80 pertsona elkartu ziren. Bertan egindako adierazpenetan, CGT-Dassaulten André Davantek tokiko hautetsiak mobilizatzera deitu zituen, euskal presoen auziarekin azken larunbatean egin zuten bezala.

Castoraman langile den Christophe Punzanok 1.000 euro irabazten ditu eta langabetuek jasan beharreko neurrigabeko kontrolagatik gaitzitua da. Alta, iruzur fiskala kontrolatzeko neurririk ez dela hartzen deitoratu du.

“Krisitik ateratzeko aukera”

Florence Lasserre-Davidekin egindako bilkuran ordezkaritzaren kideek “zoriontze gutun aldarrikatzailea” eman zioten eskura. Zerbitzu publikoen egoera eta langile nahiz erretretadunendako babes sozialaren apaltzea salatu zituzten. “Langileak, tokiko jendeak, oinarriak entzutera” gomitatu zuten diputatua eta abenduaren 17tik Frantziar Estatuan den krisi politiko eta sozialetik ateratzeko aukera dagoela adierazi zioten.

Erretretadunek haien erosteko ahalmena defendatzen dute. CSGaren emendatzea, pentsioen izoztea, etxebizitzarako laguntzen apaltzea edota alargunentzat zati erdia bertan behera gelditzea errefusatzen dituzte. Beste arranguretako bat ere helarazi zioten diputatuari: pentsio baten ordezko litzatekeen “laguntza”, hain zuzen. Haien ustez, neurri hori orientazio politikoen menpe aldakorra litzateke.

Eredua berrikusteko mezua

“Usu mintzatzen naiz haiekin, eskakizun azkar eta legitimoak dituzte, haien pentsioekin eta herrialdean gertatzen ari denarekin kezkatuak dira”, adierazi zuen diputatuak. Bere hitzetan, demanda horiek “entzunak, ulertuak eta kontuan hartuak” dira. “Debate nazionalaren” garrantzia aipatu zuen, bertan gai hauek guziak plantan emateko.

“Ez da eskaeren zerrenda bat izan behar, gauzetan ainitzez gehiago sakondu behar dugu eta Frantziak biharko egunez behar duen eredua berrikusi”, adierazi zuen. “Mahai baten inguruan zintzoki elkartu eta elkarri entzun diezaiogun, gure herrialdearentzat behar dugun eredua zein den jakin ahal izateko”.