Euskal Trailetan parte hartzeko izen emateak zabalik

2019 urtea hastearekin batera, Euskal Trailetan parte hartu nahi duen ororentzat izen emateak zabaldu dituzte. Lasterketa hauek azken urteetan izaten ari diren arrakasta dela eta, izen emateak ez gibelatzera aholkatu dute antolatzaileek.

Kazeta|2019/01/09 06:40|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-01-08_a_12.00.21
Ultra Trailerako izen emateak urtarrilaren 5etik landa idekiak dira.

2019ko Euskal Trailak maiatzaren 31tik ekainaren 1era bitarteko asteburuan eginen dira eta Baigorri, Urepele, Banka eta Aldudeko mendietan barna ibiliko dira lasterkariak.  

Aurten ere “Binomio proba” errepikatuko da. Urte hauetan zehar antolatzaileak jabetu dira parte hartzaileentzat berezitasun hau garrantzitsua dela. Sortzen den giro eta elkartasunak, helburua lortzeko indarra ematen baitie. Gainerateko lasterketak ere mantendu egin dituzte.  

Bere zailtasun eta ezaugarriengatik, 133 kilometroko luzera eta 7.500 metroko desnibela duen Ultra Traila bakarka egin ahalko da. Euskal Trailak berriz, 2x40 km eta 4.000 metroko desnibela izanen du eta Trail Gourmand izenekoak 2x25 km eta 2.500 metrokoa. Iluna Trailek 27 km izanen ditu, 1.500 metroko desnibelarekin, Neska Trailek 8 km eta 350 metrokoa izanen duen bitartean. Azkenik, haurrentzat ere Ttiki Traila prestatu dute. Adinaren arabera, kilometro bat eta 6 km arteko lasterketa proposatuko zaie.

Ultra Trailerako izen emateak urtarrilaren 5etik landa idekiak dira. Euskal Trailerako urtarrilaren 9an eta gainerateko lasterketatan urtarrilaren 12ko goizeko 9etatik aitzina eman ahalko da izena.

Informaziorako eta izen emateko klikatu hemen.