Nathalie Motsch atlantikoko eta Pirinioetako hirigintza agentziaren (Audap) presidenteak “gure lurraldearentzat aukera handi baten” gisa aurkeztu zuen. Izan ere, joan den urte bukaeran Audap-ek eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat erakundek lankidetzan aritzeko hitzarmena izenpetu zuten.
“Gure buruari galdegin beharko diogu Baiona eta Donostia arteko lotura nola eginen den”, erran zuen Motsch-ek. Mahaiaren gainean Abiadura Handiko Trenaren afera gatazkatsua izanen dute, turismoarena bezala. Halere, proiektuak aztertzeko bildu aitzin, EAE-ko garapen departamenduaren gisako entitateek behaketa fase bat idekiko dute.
“Geografikoki hiru hiri nagusiren artean kokaturik gaude: Tolosa, Bordele eta Bilbo. Testu hau beharrezkoa zen”, nabarmendu nahi izan zuen Audap-eko presidenteak. Mugaz gaindiko lankidetza DNA-n dutela eta EAE-ko gobernuak ikuspegi hori partekatzen duela ere gaineratu zuen: “elkarrekin eta bereziki bihar lan egiteko suhartasun bat bada”.
EAE-rekiko lankidetzaz harago, Audap-ek Nafarroa eta Aragonekin mugaz gaindiko kartografia bat eratzea aztertuko du. Helburua europar programen markoaren baitan gai komunak identifikatzea litzateke.