Hautetsiek ere urtarrilaren 12ko mobilizazioarekin bat egin dute

Bake artisauek heldu den urtarrilaren 12an “Orain Presoak” izenburupean Baionan deitu duten mobilizazioarekin bat egin dute Ipar Euskal Herriko hautetsi ainitzek. Joan den urtarrilaren 5ean Lapurdiko hiriburuan prentsa agerraldi baten bidez adierazi zuten atxikimendua.

Kazeta|2019/01/07 13:53|0 iruzkin
Guz_prentsaurrekoa_bake-bidea_manifa_glain_imiquelestorena01
Hautetsien hiru laurdenak urtarrilaren 12ko mobilizazioarekin bat egin du. ©Isabelle Miquelestorena

Joan den larunbatean Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko 70 hautetsik Baionako Elkarteen Etxeko gela bete zuten. Prentsaren aitzineko agerraldiaren bidez, bake artisauek urtarrilaren 12an Baionan deitu duten mobilizazioari babesa adierazi nahi izan zioten.

Jadaneko 150 dira agerraldian irakurritako agiriarekin bat egin duten tendentzia politiko ezberdinetako hautetsiak. Alice Leiciagueçahar eskualde kontseilaria eta Lekorneko auzapez eta Biltzarreko lehendakari den Lucien Betbeder izan ziren testua euskaraz eta frantsesez irakurri zutenak.



Agirian azken bi urteotan egin diren aitzinamenduak nabarmentzen dira: 2017ko apirilaren 8an gauzaturiko ETAren armagabetzea eta 2018ko maiatzaren 4an ETAk iragarritako desegitea, horien artean. Bitartean, 2017ko urrian Justizia Ministerioarekin elkarrizketa gune bat ideki zen, euskal presoen auzian lehen emaitzak ekarriz: 2018an 25 euskal preso hurbildu zituzten eta DPS estatutua zuten 36 presotatik 22ri kendu zitzaien neurri hori.  

Bestalde, Emilie Dutoya eskualde kontseilariak eta Iker Elizalde Hendaiako hautetsiak urtarrilaren 12an aldi berean Bilbon eta Baionan iraganen den mobilizazioaren zehaztapenen berri eman zuten. Baionako manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, San Izpiritu auzoan kokatua den Errepublikaren plazatik. Hiriko kaleak zeharkatu ondotik, Baiona Ttipian izanen du bukaera.

Iraganeko zauriei uko egin gabe eta Euskal Herrirako etorkizun baketsua gogoan, Frantziako Gobernuari 2017ko urrian abiaturiko elkarrizketen oinarriak berrezar ditzan galdegingo zaio. Elkarrizketa bake prozesu egonkor eta iraunkor baterako ezinbestekotzat jotzen dute hautetsiek, euskal presoen egoera kontuan hartuz eta biktima guzien sufrimendua aitortuz.

Hautetsien hitzartzeak

Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak prentsa agerraldian bildutako hautetsiei eman zien hitza. Horien artean, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak denbora gehiegi irauten duen gatazkari bukaera eman behar zaiola aldarrikatu zuen. Espainiako Gerla Zibilari ere aipua egin zion, “oraino idekita diren zauriak behin betiko hetsi daitezen”. Ecenarrok erbesteraturiko espainiar errepublikano baten semea dela ekarri zuen gogora.

Bestalde, Izurako auzapez den Daniel Olçomendik euskal jendarteak bakea nahi duela nabarmendu zuen. “Frantzia giza eskubideen herrialde izanik, ezin da onartu preso jakin batzuei ezartzen zaien salbuespenezko traturik”.

Francis Gonzalez Bokaleko auzapezak berriz, honakoa aipatu zuen: “orrialde bat idekitzen da, baina liburuak idekita segitzen du”, gisa horretan oraino gelditzen den lana oroitaraziz.

Uztaritzeko auzapez den Bruno Carrerek ere hitza hartu zuen: “hautetsien artean dagoen aniztasunak euskal jendartean den itxaropena agerian uzten du”.

Andrée Etcheverria Ozaze-Züharako auzapeza, bere aldetik, zuberotar eta emazte gisa mintzatu zen. Egun diren 10 preso emazteen egoera lehen lerrora ekarri zuen, hauetako nehor ez baita hurbildua izan. Gisa horretan, emazteentzat egitura berezitu baten falta salatu zuen eta ondorioz, preso hauek emazte izateagatik zigor bikoitza jasan behar dutela.

Donibane Lohizuneko auzapezak ere ez zuen aukera galdu nahi izan. Jean-François Irigoyenek adierazi zuen gatazka bere haurtzarotik ezagutu duela. Biktima guziak gogoan hartu ondotik, erran zuen presoei ezin zaizkiela eskubideak urratu, nahiz eta arrazoiren batengatik preso izan.

Jean-Baptiste Laborde Sarako auzapezak nahi bat plazaratu zuen: “sufrimenduaren bidea ahalik eta laburrena izan dadila”. Tokiko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu eta heldu den urtarrilaren 12koan parte hartzeko deia egin zuen.

Martine Bisauta Baionako auzapezaren ondokoak Aieteko konferentziatik gaur arte egin diren aitzinamenduez mintzatu zen. Euskal jendartearen bake nahiari helduz, “gobernatzen gaituztenen ardurari” egin zion aipua.

“Heldu den urtean hautetsiak mahai honen gibelean ez biltzea” da Hiriburuko auzapez den Alain Iriartek espero duena. Hori horrela balitz, bere iritziz aitzinamenduak egin direnaren seinale litzateke.

Michel Venauc Biarritzeko auzapezak “bakeranzko bideak beti gerlarakoak baino zailagoak direla” erran zuen eta euskal presoek eta beren senideek tratu gizatiar bat ukan dezaten dei egin zuen.

Hitzartzeei bukaera emateko, Jean-René Etchegarayk joan den urtarrilaren 1ean Garikoitz Aspiazu euskal presoaren senideek Arlesen ukandako istripua salatu zuen. Gisa berean, Euskal Elkargoa gatazkaren konponbidearekiko engaiatua dela oroitarazi nahi izan zuen. Hautetsien hiru laurdenak urtarrilaren 12ko mobilizazioarekin bat egin izana horren froga argia litzateke.