Ahal Dugu eta France Insoumise alderdiak eskuz esku

"Orain populua" talde kideak dira biak. Mugaz gaindiko lantalde bat sortu dute Europar hauteskundeei begira, eta Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoa etorkinen harrerari buruz sentsibilizatzeko.

Kazeta|2019/01/07 13:53|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-01-03_a_17
Ahal Dugu eta France Insoumise alderdiek elkarrekin lan egin nahi dute europar hauteskundeei begira. © Iurre Bidegain

Gizakia lehenik. Hori izanen da France Insoumise eta Ahal Dugunen arteko elkarlanaren xedea. Lantaldea aurkeztu dute bi alderdietako militanteek abenduaren 28an Irunen. Ipar Euskal Herriko prentsa baizik ez zen. Etorkinei egiten zaien harrera salatuko dute.



Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoa sortu zenez geroztik Hendaia, Irun eta Hondarribiaren artean, mugaz gaindiko hainbat akordio izenpetu dituzte. "Baina ez dute deusetarako balio afera komertzialak baino ez badituzte lantzen" France Insoumise eta Ahal Dugunen arabera. Etorkinen eskubideak ez direla errespetatuak salatu dute. "Ez gara salgai", nabarmendu du Miren Azkarate Ahal Dugu mugimenduko kideak.



Militanteek diote hiru herriek ez dutela elkarrekin lan egin konponbide bat atzemateko etorkinen krisiari. Datozen egunetan hitzordu bat eskatuko dute arazoa mahai gainean jartzeko xedez. 


Horrez gain, europar hauteskundeentzako kanpaina prestatuko dute bi alderdiek elkarrekin. Mintzaldi bat egitea ere aurreikusten dute. "Orain populua" talde kideak dira biak. Ezkerreko alderdiek baizik ez dute osatzen, hain zuzen, 2019ko hauteskundeei begira sortu zuten. Europako populuentzat egitasmo berri bat proposatu nahi dutela diote, gaur egungo hitzarmen antidemokratikoak bertan behera uzteko.