Idoia ERASO

Gernikako bonbardaketa literaturaren bidez jorratu du Xabier Soubeletek

Xabier Soubeletek argitaratutako “Gernika 81. Txoria badator, txoria badoa” azken liburua hiru sorkuntza lanetako azkena da. Iaz margoa eta antzezlana sortu ondotik, Gernikari literaturatik begiratu dio artistak.

Xabier Soubelet “Xubiltz” artistak Gernikan hildakoei omenaldi bat egin nahi izan die.
Xabier Soubelet “Xubiltz” artistak Gernikan hildakoei omenaldi bat egin nahi izan die.

"Eleberri espresionista da, sentitzen direnak botatzen dira. Errealitatea fikzioarekin lotzen da eta bidearen parte bat egiten dute elkarrekin. Bide ezberdinak badituzte ere, liburuan elkartzen dira", azaldu du Xabier Soubelet “Xubiltz” artistak argitaratu berri duen liburuaz. Obraren definizioak artista polifazetikoaren arrastoa uzten du, "margolari batek idatzi" duela baieztatu baitu artistak.

Benetan gertatutakoak idazlearen irudimenetik ateratakoekin bat egitean, eta aldi berean istorio ezberdinen artean batzuetan jarraitutasunik ez dagoenez, idazleak sortu dituen 60tik gora narrazioak elkartzeko hiru lotura daudela azaldu du: Gernika bera, artea espresionismo eta modernismoaren bitartez, eta azkenik ametsa.

Bat egiten duten gaiak izanik ere, orokorra "patua" dela nabarmendu du egileak, eta hori aitzakiatzat harturik zeinen "ezberdin eta injustua" izaten ahal den bizitza helarazi nahi du. horren erakusle, liburuaren hastapeneko istorioan agertzen den Lumoko baserritar familia baten kasua ageri da, Gernikako merkatura joan zena bonbardaketa egunean, eta "batzuk hil egin ziren, eta beste batzuek ihes egitea lortu zuten".

"Bonbardaketaren historia beti presente dago, nahiz eta istorio batetik bestera agertzen den era oso ezberdina izan" azaldu du. Picassoren inguruko Pariseko giroa, bonbardaketaren berrien inguru artistikoa ageri da. Baita errefuxiatuen ingurua ere, euskaldunek giro horretan izan zuten tokia ere agerraraziz. Bestalde, bi anaia alemaniar ere protagonista dira, bata txikitan Euskal Herrira etorritakoa eta bestea Hitlerren jarraitzaile sutsua bilakatzen dena. "Popourria da liburuan, batetik bestera joaten da", borobildu du idazleak.

Pasarte batzuk historiari begiratzean salatzeko aitzakia ematen diotela azpimarratu du, horregatik, hildakoekin batera toki ezberdinetako errefuxiatuak agertzen dira, edo garai historiko hori ikuspegi ezberdinetatik bizi izan zutenen begietatik.

Ametsek toki handia dutela nabarmendu nahi izan du egileak: "Literarioa da, baina artistikoa dela esango nuke gehiago. Margo eta antzezlanarekin batera osatzen den trilogiak hori ematen du aditzera".

Liburua argitaratu duen Elkarreko editore Peio Etxeberri-Aintzartek "estilo berezia" duela nabarmendu du, eta alde artistikoaren sormena hitzen asmakizuneraino eraman dezakeela ere azaldu du: "Horrelakoak jadanik bere beste liburu batzuetan ere ikusi izan ditugu".

Omenaldia

Historiaren oroitzapena atxikitzeaz eta obra artistikoaren sorreraz gain, liburuak urrunago joan nahi du: "Omenaldi zerbait bada, Gernikan hildakoei eskainia da, eta zendu ziren batzuen izenak ere agertzen dira". Picassoren “Gernika”-k egin zuen salaketa mundu osora heldu zen, Euskal Herri mailan salaketa eta omenaldia elkartzen ditu Soubeletek.

 

Gai bakarra eta hiru adierazpide artistiko

2017an Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena zela-eta Xabier Soubelet artista polifazetikoak bere adierazpide ezberdinak gai horren inguruan jartzea deliberatu zuen. Eleberria joan den urtean egindako margolan eta antzezlanari elkartu zaizkio. Lehena Ziburuko Bordagain dorrean eginiko erakusketan “Txoria badator txoria badoa” margolan handia izan zen. Bi metroko altuera eta zabalera daukan obra odol kolorearen "abstrakzio" bezala definitu du margolariak.

Bigarrena 2017ko udan aurkeztu zen antzezlana da. Gaia bezala, izenburua ere errepikatzen da, baina oraingoan “Gernika 80” gehitzen zaio. Bertan musika, kantua, dantza eta arte grafikoak elkartu ziren antzerkiarekin batera. Donibane Lohizuneko kultura elkarteek bat egin zuten antzezlana osatzeko Soubeletek eginiko obraren inguruan. Hiriko Dukontenia parkean antzeztu zuten ekainaren 22an, behin soilik egiteko prestatua zena. I.E.