Maskaradak heldu dira urdiñarbetarren eskutik

Xiberoako maskaraden garaia abiatzear dago. Aurten Urdiñarbeko herria urtarrilaren 6an abiatuko diren emanaldietaz arduratuko da.

Iurre BIDEGAIN|2019/01/04 14:06|0 iruzkin
-6
Maskaradak urtarrilaren 6an hasiko ziren Urdiñarben.

Hamasei hitzordu antolatu dituzte hamabost herritan. Urtarrilaren 6tik aitzina, lau hilabetez, Urdiñarbeko herritarrek aurtengo maskaradak eskainiko dituzte. Hamahiru urte beranduago, ikusgarria herrira itzuliko da igande honetan.

Ohitura bat izateaz gain, maskaradak elkartzeko topagune bat bilakatu dira gazteentzat. Maiana Barreix parte hartzaileak entseguetan sentitu den giro goxoa eta lagunartekoa goraipatu du.

Aurten, berrogeita hamaika lagunek parte hartzen dute ikusgarrian. Dantzariak bada urte eta erdi elkartzen direla, Peio Bedecarats dantzari xiberotarraren gidaritzapean. Beste pertsonaiek entseguak irailean abiatu zituzten. Maiana Barreixek azaldu duenez, errejenta lanetan sei-zazpi pertsona ari dira, helduagoak.

Maskaradak euskaraz hitz egin eta libertitzeko parada eskaintzen du. Parte hartzaileen gehiengoa elebiduna da, baina batzuk euskaraz mintzatzen ausartzen ez direla deitoratu du xiberotarrak. Haatik, ekimen kulturalari esker ohiturak aldatu daitekeela uste du.

Urtero bezala, gorrien zein beltzen pertsonaiak taula gainera igoko dira. Gisa berean, dantzariak ere presente izanen dira, hauek bi taldeetan banatu behar izan dituzte kopuru handia dela eta. Barreixek azpimarratu duenez, herrian oso ezaguna den dantza eskainiko dute: "Sotila".

"Aurten neska anitzek parte hartzen dute, batez ere beltzen taldean. Natura ordezkatuko dute, botere sinbolo bat izanen dira. Sorkuntza lan handia egin dugu", aipatu du.

Emanaldi gehienak iganderako antolatu dira, Maule eta Alozekoak izan ezik.

Hona hemen maskaraden data eta herriak:

    •    Urtarrilaren 6a, igandea: Urdiñarbe
    •    Urtarrilaren 13a, igandea: Urrustoi-Larrabile
    •    Urtarrilaren 20a, igandea: Altzürükü
    •    Urtarrilaren 27a, igandea: Lexantzü
    •    Otsailaren 3a, igandea: Mendikota
    •    Otsailaren 10a, igandea: Eskiula
    •    Otsailaren 17a, igandea: Pagola
    •    Otsailaren 23a, larunbata: Maule
    •    Martxoaren 3a, igandea: Barkoxe
    •    Martxoaren 10a, igandea: Idauze-Mendi
    •    Martxoaren 17a, igandea: Garindaine
    •    Martxoaren 24a, igandea: Larraine
    •    Martxoaren 30a, larunbata: Aloze
    •    Apirilaren 7a, igandea: Hoki
    •    Apirilaren 14a, igandea: Muskildi
    •    Apirilaren 21a, igandea: Urdiñarbe