EHZ berria bozkatzear dago

Heldu den urtarrilaren 12an EHZ festibalaren proiektu berria aurkeztu du gidaritza taldeak Baionan antolatutako biltzar nagusian. Horrez gain, antolaketa berriari buruzko iritzia plazaratu beharko dute Zizpa gaztetxera hurbilduko direnek.

Iurre BIDEGAIN|2019/01/03 07:00|0 iruzkin
Guz_ehz2016_bobedme215
Azken urteetan EHZ festibala Lekorneko Garrroa gazteluan antolatu da.

Beste boz erabakigarri bat EHZ festibalaren etorkizunarentzat. Azken hilabeteetan "hil ala biziren" arteko hautua egin eta, gidaritza proiektu berriak bere proiektua aurkeztuko die laguntzaileei, parte hartzaileei baita parte hartu nahi dutenei ere. Aurten proiektua gauzatuko denez erabakitzeaz gain, funtzionamenduari dagokion boza ere antolatu dute Baionako Zizpa Gaztetxean urtarrilaren 12an 10.00etatik aitzina iraganen den biltzar nagusian.

Talde dinamizatzaile berriak segida hartu zuen irailean elkarteak alarma piztu eta. Hain zuzen ere, gazteen engaiamendu eza dela eta, ekimenaren biziraupena mehatxatua zegoen. Azkenean, hamabost bat pertsona segida hartzeko prest agertu ziren eta astero-astero elkartu dira ideia berri bat proposatzeko xedez.

Gazteek proiektua zerotik abiatu dute. "EHZren baloreak berriz mahai gainean ezarri ditugu eta helburua zein izan behar den eta nola landu behar den aztertu dugu. Horretarako, EHZ aitzina eraman dutenekin ere hitz egin dugu. Ideia horiek guztiekin txosten bat eratu dugu", azaldu du taldeko kide den Irati Fernandezek.

Hasiera matean egitasmoa martxoa baino lehen aurkezteko asmoa zuten, baina data aitzinatzea erabaki dute festibala aurten antolatzea erabakitzen bada "justu" izan daitekeelako.

Zalantzarik gabe ekimen kulturalaren gerorako funtsezkoa izanen den bilkuran parte hartzeko deia luzatu du elkarteak.