“Gure arteak egiten gaitu euskaldun, euskaraz sortu eta pentsatutako arteak”

Antzerkigintzan eta zinemagintzan eredu propioen bila ari dira Larzabalekoak diren Ximun eta Manex Fuchs aktoreak. Ipar Euskal Herritik gaindi ibili ondotik, Bilboko Arriaga antzokira eramanen dute beren azken lana, “Zazpi senideko”.

Xole ARAMENDI|2018/12/29 09:20|0 iruzkin
0803_p25_senide
Ximun Fuchs eta Manex Fuchsek Bilbon eskainiko dute beren azken lana. © Isabelle MIQUELESTORENA

Izaeraz arras desberdinak –halaxe diote eurek irribarrez– dira, baina modu berdintsuan ulertzen dute sormena Ximun Fuchsek (Larzabale, 1974) eta Manex Fuchsek (Larzabale, 1975). Primeran ezagutzen dute elkar, eta ulertze eta ez ulertzeetan sormen lanak egosten dituzte, Garako artikuluak azaldu duenez.

“Zazpi senideko” da Axut! –«erronkari heldu» esan nahi du Iparraldeko euskalkian– kolektibo berriaren lehen lana, Ander Lipus zuzendari dela. Bi aktore, bi anaia, zazpi istorio gorpuztuz.

Zazpi opari. Protagonistek –Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagnet–, Fuchs anaiei eginiko oparia, euren min intimoenak taularatu ditzaten eskainiz. Pribatutik intimora, egiatik fikziora.

Zazpi zilbor hesteren etetea. Absentzia. Presondegia, heriotza, eritasuna.... tarteko direla.

Zazpi zauri, Euskal Herriaren beraren zauriak, gure historia, harilkatuz. Ikusleak ukituta, hunkituta ateratzen dira antzezlanetik, eta izan da ikusi eta berehala ahizpari deitzeko beharra sentitu duenik.

“Ni”-tik “gu”-rako bidea, norbere anai-arrebaren jaiotza, bi sortzaileen esanetan. Urtebeteren aldea besterik ez dute bi anaiek, berehala izan ziren “gu”. Antzezlanak bien arteko harremanean izan duen eraginaz galdetu diegu. «Lan hau egiten hasi ginenean izango genuen erreafirmatu edo asumitu nahi genuen zerbait gure harremanean. Manexek eta biok 25 urte daramagu antzerkia egiten, gehientsuena frantsesez. Hiru urtetik behin egiten genuen sorkuntza bat euskaraz –Antton Lukurekin hasi eta ondoren ‘Errautsak’, ‘Hamlet’, ’Francoren bilobari gutuna’–. Nori mintzatzen gatzaizkio? Nori eskaintzen diogu gure ontasun guztia?, halako galderei erantzuteko unea iritsi zen. Antzerkia herri baten isla da, garai jakin batean. ‘Gu’ horrek gu –anaia eta biok– baino zerbait handiagoa izan behar zuen. Psikodrama edo nihilismo burgesa, hiper-autofikzioa, ez zitzaigun interesatzen. Gu kontrabandistak gara, beste pertsonaien bitartez kontatzen dugu geure burua», erantzun du Ximun Fuchsek.

Euskara hutsean abiatu dute bide berria. «Euskara hutsa baino, euskara betean, ez gara hutsetik mintzo, betetik baino», nabarmendu du Manexek.

Kolektiboaz harago, mugimendu artistikoa izan nahi du Axut!-ek. «Egiteko moldea da». Garaikidea da larzabaldarrentzat antzerkia. «Eta exijentea, ikusleentzat zein guretzat. Gure kulturak merezi duelako exijentzia maila bat. Nahi badugu errespetatuak izan, behar dugu lehendabizi geure burua errespetatu. XIX. mendeko istorio bat konta dezakegu, baina beti izango da garaikidea gaur egunetik kontatzen dugulako, inportantea da guretzat jendeak bizi dituen erronkak plazaratzea. Usaimen kontua da. Gaia aukeratzea da sentitzea jendea zertan den hitzetatik haratago, hitzek gordetzen dute erraten dena baino gehiago», dio Ximunek.

«Zure helburu artistikoa ondo saltzea bada, jai duzu. Gakoa da ea ikusleek zer nahi duten, jendea zeren gose den, hori da taula gainera ekartzen saiatzen garena. Gure hizkuntzak eta herriak bizi duen eguneroko prekaritatetik –ez naiz ari diruaz bakarrik– umoretsu eta indartsu ateratzeko bide bakarra gure artearen erradikaltasunaz adieraziko dugun iruditeria izango da. Eta guri, gainera, antzokiak bete egiten zaizkigu, beraz gure lanak ere komertzialak izango dira», dio irribarrez Manexek.

Ximunek garbi dio. «Politikoki Euskal Herriaren eta euskal kulturaren alde agertzen gara, baina egiteko moldean betiko eskemak errepikatzen ditugu, estatuenak, edo ustez egin behar den horrena. Eskema propioak sortu beharra dugu eta bide luzea dago egiteko, jendeak ez baitu sinesten posible dela».

«Euskara betean aritzeak zapalarazi egiten du hori dena. Jada ez da Iparralde-Hegoalde, baizik euskaraz bai ala ez?», zehaztu du Manexek. «Halaxe zioten gure zaharrek ere».

Euskaraz egindako kulturaren prekariotasuna da bi anaien kezketariko bat. «Gu ez gara prekaritatean bizi –baina asko dira hilean 600 euro jasotzen dutenak, haiek bai– eta horrek kezkatu egiten gaitu. Gure herriak zer nahi du? Hori da galdera. Artea horren ispilua da. Zer errespetu diogu gure hizkuntzari, gure herriari? Hizkuntzak definitzen du herria, ez gara vascoak, euskaldunak gara. Zein da bizitzeko egiazko herria? Euskara. Noiz erabil dezakegu? Lanean gutxi, eskoletan haurrak garenean, baina helduaroan, non? Antzerkian, zineman... Aktoreak, zuzendariak, zinema, antzerkia... hain gaizki tratatzeak islatzen du zein errespetu diogun herriari», esan du Ximunek.

«Jendea nola mintzatuko da euskaraz? Hizkuntza emotiboki bizi behar du. Noski, behartu dezakezu hizkuntza mintzatzera. Esparru bat babes dezakezu horrela, baina esparru hori hutsa bada, ez da ezer lortzen. Nola egingo dugu kexatzeko, maitatzeko, haserretzeko, oihukatzeko, iraintzeko eredurik ez badugu? Zerk sortuko ditu ereduak arteak ez bada? Prekaritatea nagusitzen bada, sormena nekez, hizkuntza nekez eta herria nekez», gaineratu du.

Sistema erraldoia

«Gure parean den sistema erraldoiaren alde da hori eta gu herri txikia gara. Esparru propioa, babestuak, atzeman behar ditugu ez badugu hil nahi. Gure arteak egiten gaitu euskaldun, euskaraz sortu eta pentsatutako arteak», jarraitu du Ximunek.

Horrexek eraman ditu zinemaren mundura. Gastibeltza Filmak ekoiztetxea sortu dute Eñaut Castagnet (lehengusua), Katti Pochelu eta Josu Martinezekin batera. «Iparraldetik Euskal Herriari begira zinema euskaraz sortu eta eragiteko. Euskaldunek ikusi ahal izan dezaten erregularki euskaraz egindako filma, euskal zinema hegoaldean da-eta. Iparraldean ez da sistemarik eta bultzatu egin nahi dugu». “Non”, “Gure oroitzapenak” eta “Lezo: amets kontrabandista” dira burututako proiektuak.

Ipar Euskal Herrian kulturak duen balorazioa Hego Euskal Herrian duena baino handiagoa da, baina euskaraz lan egin nahi izanez gero diru laguntzak erdira –gutxi asko– jaisten dira. «Antolaketa eta lana egiteko moldea desberdina da eta maila horretan zortea dugu, baina euskara hila bezala kontsideratua da, ez da koofiziala. Horrek zailtasunak sortzen ditu, nahiz ikusten dugun aldaketaren bat etor daitekeela artearen munduan, ez politikan, Frantzian bizi den krisi identitarioaren eraginez, Frantziako hizkuntza aniztasuna kontuan hartuz. Guk beharbada izan dezakegu leku bat. Helburua ez da Frantziara joatea, gure herrian euskaraz sortzeko ahalbideak lortzea baizik. Eta Iparraldeak lehen aldiz Hiri Elkargoa du, agian bidea irekiko duena». Ximunen hitzak dira. Baliabide urritasunak eragin zuzena du ekoizpenetan. «Dirua denbora da, gauzarik garestiena denbora da, eta gero eta gehiago. Diru gutxiago ukanez, denbora gutxiago dugu, baina hala ere indar berdintsua eskaintzen diegu proiektuei. Baina behar dugu kausitu. Zaila zaigu ikuskizun batekin erabat huts egitea, baina aldi berean saiatzen gara huts egiteko aukera eskaintzen geure buruari. Eta horretarako bide bakarra dago: saiatzea. Dena den, euskaraz sortzen dugunean ere, beste askok baino diru gehiago dugu, eta jende gehiago dugu lanean; gu ez gara prekaritatean», diote anaiek.

Artea konfliktoa da, urratzea. «Plazera ere bada, bestela guk ezin dugu sortu, ez dakigu. Nortasuna ukaiteko erradikalitate artistikoa behar du, horrek egiten du ikusleak etortzea. Zerk egingo du euskaraz ikustea, gauza bera frantsesez edo espainolez ikus badezake? Ondorioz, arrisku handiagoa hartu behar duzu. Eta antzerkian euskaraz erran dira gauza batzuk espainolez edo frantsesez ezin izan zirenak. Izan ere, Hegoaldean euskaraz antzeztu dira Brecht eta Ionescu bezalako idazleak espainolez baino lehen, klandestinitatean, zeharbideak erabiliz itzuliak izan zirelako. Zineman zailagoa da, baina Danimarkan Dogma mugimenduarekin egin zuten gisako zerbait egin beharko litzateke», esan du Ximunek.

Aktoreen egoez ari gara orain. «Sortzaileak ausardia eta ego handia behar du ikusleen aitzinean jarri eta ‘aizue, badut zerbait kontatzeko’ esateko –onartu du–. Gero kasu egin behar zaio horri, izan ere, horrek jan edo kaltetu dezake».

Talde lana

Zein rol jokatzen du zuzendariak eta zein aktoreak sormen prozesuan? «Zuzendari bat dago eta aktoreek beren burua abandonatu behar dute sortzaile handi honen zerbitzura. Hau antzerkiaren eta oro har kulturaren eredu ekonomikoari oso lotua dago. Ohitu gara modelo horretara, antolaketa, sariak, prekaritate modu bat –diru laguntzak zuzendari jakin horri ematen zaizkio eta hark aukeratzen du zein aktorerekin lan egin–... dena hartzen du bere barnean. Hori guztia ekonomia da, ez hain eredu zaharra, gainera», adierazi du Manexek.

Artisau lana da antzerkia. Indarrean dagoen eredu honen aurrean konpainiako aktoreak sortzaileak dira. «Mundua ikusteko molde bat proposatzen dute haiek», argitu dute. Kolektibotasunetik? «Lana antolatzeko modutik. Kolektiboan uler daiteke denok hein berean garela, ez, bakoitzak badu bere ardura. Kontua ez da inork ardurarik ez izatea edo denok ardura berdina izatea. Hauskortasun gehiago ematen du, baina indar handiagoa ere bai. Noski, obra baten zerbitzura, baina guk geuk eraikitzen duguna».

Maria Casares aktorearen hitzak erabili ditu Ximunek interpretazioak zer ematen dion azaltzeko. «Bermatzeko, zaintzeko eta elikatzeko nire haurtasuna». Hauxe esan zuen 80 urterekin agertokiak zapaltzen jarraitzen zuenean, eta bat egiten du aktoreak. «Denok dakigu hilko garela eta saiatzen gara fatalitate horren aitzinean bizitzari zentzu bat ematen. Horren guztiaren nahaspilari zentzua emateko balio dit antzezpenak», bota du Manexek albotik.

Zer deskubritu du batak besteaz “Zazpi senideko” antzezlanean? «Deskubritu baino, berriz ohartu gara anaitasunak asko egiten gaituela, osoki lotuak garela euskal kulturari. Euskaraz ‘etxekoak’ hitzak zerbait erran nahi du. Ohartu gara gure harremanaren indarraz eta nola elikatzen gaituen oraindik eta zenbat dugun egiteko elkarrekin», kontatu du Ximunek.

«Eskerrak desberdinak garen, eskerrak baditugun haserrealdi eraikitzaileak gure artean, uste dut oso berdinak bagina batak bestea jango zukeela. Osasuntsua ere badela errango nuke», gaineratu du Manexek.

Kanboko Ikastola ezinbestekoa izan da bi anaientzat. «11-18 urte bitartean Euskal Herri osoko ikaskideak izan genituen, egoera biziki bortitz batek eraginda. GALen garaiak, sarekadak...», gogoratu dute biek.

Hain zuzen, aurre egitea egokitu zaizkien egoerei bide ematen laguntzen die arteak. «Nire barnean batzuetan bolbolka dagoen erreka kanalizatzen dut», aitortu du Manexek.