MATTIN LERISSA
KANTARIA

“Gazte naiz gazte” izeneko bigarren diskoa argitaratu du Mattin Lerissa baxenafartarak. Ipar Euskal herriko euskal musika eta literaturako erreferenteek parte hartu dute lan berrian.

“Lehen diskoa ohikotasunean oinarritua zen, orain uste dut folk kutsua duela”
Idoia ERASO|2018/12/28 07:10|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-12-24_a_13.14.37

«Daniel Landart, Manex Pagola... dira disko honetako hitzen egileak»

Musika tradizionaletatik abiatuta, izaera propioa duten kantuak egin ditu Lerissak bere bigarren disko honetarako, Garako artikuluak azaldu duenez.

Zer aurkituko dugu zure disko berri honetan?

Denak sorkuntzak dira, pauso bat egin nahi nuen bide horretan. Hitzen egileak izan dira: Daniel Landart, Pantzo Irigarai, Manex Pagola… Idatzi batzuk prest ziren, baina sekula ez ziren izan argitaratuak, eta beste batzuek, nik gaia eman eta hitz berriak idatzi dituzte niretzat.

Manex Pagola jada ez da gure artean, ekainean zendu zen.

Hori da, diskoa ari nintzelarik prestatzen hil zen. Pasatu zizkidan kantu zenbait ez zituenak sekula publikatu, eta horietarik bat hautatu nuen, eta izenburu gisa eman diot diskoari ere, "Gazte naiz gazte". Begi kliska gisa eman dut, anitz egin baitu euskal kulturarendako eta euskararendako.

Begi kliska hori zeure buruari ere egiten diozula erraten ahal da, gaztea zara eta.

Manexek berak erraten zidan hori.

Nola abiatu zenuen zure ibilbidea musikaren munduan?

Nik ttipitatik maite nuen kantuz aritzea eta musika entzutea. Herriko festetan loriatzen nintzen entzuten herriko jendea kantuz, baita irratien bidez aditzea ere biziki maite nuen.

Eta gero, kolegioan Jazz'in College antolatzen zuten urte oroz. Sartu nintzelarik omentzen zuten Benito Lertxundi, eta bakarlari gisa ezarri ninduen irakasleak. Benito Lertxundiren lehen partea egin genuen, eta gero Hegoaldean izan ginen lauzpabost kontzertu ematen. Haur-kantu txapelketara ere bultzatu ninduten. Gero kantaldietan abesteko proposamenak egin zizkidaten, kontzertuak… eta geroztik horrela ibiltzen naiz.

Ibilbide horri esker musikaren mundua ongi ezagutzen duzu, eta diskoan baliatu duzu.

Musikari onez inguratua naiz: gitarran Mixel Ducau dago, eta klarinetea eta saxofoia ere sartu ditu; eskusoinuan, Sebastien Legrand; arrabitan, Xabi Etcheverry; eta Jokin Irungarai, panderoan. Mixelek nahi nituen moldaketak ere egin ditu.

Nola aritu zara musikari horiekin proiektuan?

Proposamenak egin ondoan, horiek ere bazituzten ideia zenbait, eta gogotik aritu izan gara lanean hori osatzeko.

Zer estilo nabarmentzen da?

Lehen diskoan gehiago ohikotasunean oinarritua zen, eta orain uste dut folk kutsua gehiago baduela, erritmo gehiago.