Legarraldeko lurren Hendaiako eremua, Herriko Etxearen esku

Safer-ak joan den abenduaren 19an deliberatu zuen Hendaian kokaturiko 12 hektareak eta etxaldea Herriko Etxearen esku gelditzea. Urruñako lurretako 800 metro karratuak berriz, bertako laborari diren Exposito anaien jabetza izanen dira.

Kazeta|2018/12/21 08:56|0 iruzkin
Gar_legarralde_bobedme101
Hendaiako aitzineko auzapezak etxebizitzak eraiki nahi zituen Legarraldean. © Bob EDME

Legarralde etxaldea eta bere lur eremua noren esku geldituko ote ziren galdera airean zegoen. Safer-ak abenduaren 19an erabaki zuen: Hendaiako eremuan diren 12 hektareak Herriko Etxeak kudeatuko ditu eta Urruña barneko zortziak, bertako laborari diren Exposito anaiek.

Orain Hendaiako Hiriak lur eremua kontrolatu ahalko du. Bere asmoa lurra birkalifikatzea da, laborantzarako erabilia izan dadin. Aitzineko udal gobernuak bizitegiak eraiki nahi zituen, baina egungoak laborantza aktibitate bat edo gehiago antolatu nahi ditu.

“Guretzat Hendaiako hautetsiek harturiko erabakiaren aitortza bat da”, adierazi du Kotte Ecenarro auzapezak. Hemendik goiti, Herriko Etxeak, Euskal Elkargoak eta tokiko lur publikoen erakundeak (EPFL) osaturiko batzorde tekniko bat eratu behar da. Haien egiknkizuna izanen da bertan instalatu nahi duten laborarien proposamenak aztertzea.

Herriko Etxeak laborantza biologikoa garatzeko asmoa du. “Jadaneko baditugu Biriatutik, Urruñatik, Senperetik eta beste leku batzuetatik jindako hautagaiak”, baieztatu du Ecenarrok.

“Urruñako lurrak pobreak dira”

Bestalde, Safer-ak harturiko erabakiarekin garaile ez dela atera erran du Beñat Expositok: “Guretzat Urruñako zortzi hektareak pobreak dira”. Odile de Coral auzapezaren gehiengoaren partaide den laborariak uste du lur horiek “ez direla lantzeko modukoak”.

Berak eta bere anaiak etxaldea ez baina lur eremu osoa nahi zuten. Gisa horretan, haien esne behien etxaldea handituko zuten. Oraino Safer-aren jakinarazpen ofiziala jasotzeko zain dira. “Kazetariek deliberoa guk baino lehen zekiten”, deitoratu du.