Kazeta

“Kattu” eta “Argala” omentzeko ekitaldiak

Ipar Euskal Herriko Sortuk Ramon Oñederra “Kattu” eta Jose Migel Beñaran “Argala” omentzeko bi ekitaldi antolatu ditu, Baionan eta Angelun.

Abenduaren 19an eta 21ean gerra zikinaren biktima izan ziren bi militante abertzale omenduko ditu Sortuk. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Abenduaren 19an eta 21ean gerra zikinaren biktima izan ziren bi militante abertzale omenduko ditu Sortuk. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Abenduaren 19an eta 21ean gerra zikinaren biktima izan ziren bi militante abertzale omenduko ditu Sortuk: Ramon Oñederra Bergara “Kattu” eta Jose Migel Beñaran Ordeñana “Argala”.  

GALek “Kattu” hil zuela 35 urte beteko dira abenduaren 19an. 1983an, errefuxiatu azkoitiarrak lan egiten zuen Kayetenia ostatuan gertatu zen hilketa. Urteurrena dela eta, Baionako Bourgneuf karrikan omenaldia eginen zaio, arratsaldeko 19.00etan.

Baionan bezala, egunotan bere sorterrian ere hainbat ekitaldi izan dira. Jon Irazola Iheslarien Kolektiboko kideak hitza hartu zuen: “Pertsona alaia eta zintzoa zen, lagunen laguna eta dena emateko prest zegoena. Gogoratzekoa da haren aurpegia eta beti izaten zuen irribarrea, eta zuen konpromisoaz gain, hori ere gorde behar dugu oroimenean. Bere memoria gordetzen dugu, berak hartu zuen bide hura gogoratzeko”.

Egun berean, arratseko 20.00etan konferentzia bat iraganen da Eusko Ikaskuntzak Baionako Jauregiberri kaiko 51.ean duen egoitzan. “Argala: ezker abertzaleari ekarpen ideologikoa” lemapean, Andoni Olariagak eta Xabier Ezkerrak parte hartuko dute.

“Argala” ETAren kide zenari abenduaren 21ean eginen zaio omenaldia. 40 urte iragan dira Batallon Vasco Español (BVE) taldeak bere autoan ezarritako lehergailu baten bidez Angelun erail zuela. Egileak ez zituzten nehoiz atxilotu ez epaitu. Omenaldia Angeluko BAB2 parean izanen da, Jean Leon Laporte etorbidearen ondoko parkean.

“Argala” frankismoaren garaian eta Espainiaren erreforma prozesuan ETAren ideologo nagusietariko bat izan zen. Ekintzaile eta pentsalari, azken asteotan Astero editorialak liburu bat kaleratu du. “Argala. Pensamiento en acción. Vida y escritos” Mertxe Aizpuruak idatzi du eta bertan bere biografia azaltzearekin batera, 1974tik bere heriotza bitarteko idatziak jasotzen dira.