Joseph Bergara izanen da Sokoaren lehendakari berria

Sokoaren sortzaile eta abantzu lau hamarkadetan lehendakari izan den Patxi Nobliak Joseph Bergarari pasa dio kargu horren lekukoa. Lehendakari berriak 2019ko urtarrilaren 1etik aitzina ekingo dio enpresaren gidaritza lanari.

Kazeta|2018/12/19 13:45|0 iruzkin
Img_1616
Ezkerretik eskuinera: Joseph Bergara, Peio Bellan, Marie-Claire Sallaberry eta Gildas Bouscatié. © DR

Sokoa enpresaren lehendakari berria Joseph Bergara izanen da. Gisa horretan, enpresaren sortzaile eta abantzu lau hamarkadatan lehendakari izan den Patxi Nobliaren lekukoa hartuko du. Deliberoa azaroan iragandako zuzendaritza batzordean hartu zen eta akziodunei gutun bidez eman diete ordezkapenaren berri.

Patxi Nobliak izkiriaturiko gutunean azpimarratu du 47 urteko erantzukizunen ondotik, garaia heldu dela aldaketa bat egiteko. Azaroko zuzendaritza batzordean egin zuen lehendakaritza uzteko proposamena, administrazioan segituko badu ere. Karguan bere lekukoa hartuko duen Joseph Bergararen trebetasunak nabarmendu eta “lehendakaritza honek gure enpresari bultzada berri bat ekar diezaiokeela” gaineratu du Nobliak.

Joseph Bergara lehendakari berriak, bere aldetik adierazi du “ohore eta erantzukizun handia dela Sokoaren sortzaile eta lider karismatikoaren ordezkoa izatea”. Hamarkada hauetan Nobliak egin duen gidaritza lana arrakastatsua izan dela uste du. Lehendakari berria 2019ko urtarrilaren lehenetik aitzina hasiko da funtzio berriak betetzen.