Kazeta
Elkarrizketa

“Eremu ekonomikorik gabe, Kanbok lotarako-hiri bihurtzeko arriskua luke”

Kanboko Herriko Etxeak azaroaren 26an onartu zuen Tokiko Hirigintza Plan (PLU) berria. Moulieniako lurrak eremu ekonomiko gisa mantentzea aurreikusten du. Gai horrek eztabaida biziak eragin izan ditu oposizioarekin. Frédéric Bardin hirigintza axuanta alor horretan herrian diren proiektuez mintzatu da.

Frédéric Bardin hirigintza axuanta da Kanbon. © Isabelle Miquelestorena
Frédéric Bardin hirigintza axuanta da Kanbon. © Isabelle Miquelestorena

Zein zen Moulieniako lurrei begirako hastapeneko proiektua?

Alki altzari egileak hedatzeko egitasmo bat zuenez, enpresa gurekin harremanetan jarri zen. Hiru hektarea inguruko lur eremu bat xerkatzen zuela erran zigun. Vincent Bru auzapez ohiak leku hori aurkitu zuen, zeina egun Alki enpresa dagoen lekuaren aitzinean kokatzen den. Azterketek erakutsi zuten eraikina eraikitzeak hesolak eskatzen zituela eta horrek kostuan eragina izanen zuela. Beraz, Alki eremu horretatik atera zen eta Xumienian kokatu nahi zuela adierazi zigun. Lur eremu hau 2 AUy (eremu ekonomikoa) gisa sailkatua da eta Kanbo kanpoaldean da, Itsasura doan errepidean. Bere proiektuan Kanboko lurrak sartzen ziren, baita Itsasuko batzuk ere. Gauzak horrela, Itsasuren deliberoaz dependitzen genuen, baina bertako herri kontseiluak kontrako iritzia eman zuen. Ondorioz, biziki zaila zen proiektu hau soilik Kanboko lurretan egin ahal izatea.

Lurraren azterketak lurpeko ur geruzen presentzia erakutsi zuen. Emaitza hauek ez al dute lur eremu honetako aktibitate ekonomiko guzia zalantzan ezartzen?

Ez. Alkik 10.000 metro karratuko eraikina eraiki nahi zuen. Ez naiz eraikuntzan aditua, baina alde bat bada eremu horretan eraikitzearen eta eraikin ttipiak egitearen artean. Eragina ez da berdina. Alkik Xumienian ere ezin izan zuenez kokatu, lurra eremu naturalera pasatu da berriz. Moulieniako eremu ekonomikoko hiru hektareak mantendu nahi genituen, gainerakoan Kanbo aktibitate ekonomikorako eremurik gabe geldituko bailitzateke. Eta gisa horretan, halakorik ez lukeen Errobiko herri bakarra izanen ginateke. Kanboren gisako herri batean hau normala litzateke? Ez dut uste. Behar dugu eta eskaerak baditugu. Hemen bada erakargarritasun garrantzitsu bat. Bestelakoan, lotarako herri batean bihurtzera arriskatuko ginateke.  

Preseski hautu horrek oposizioaren haserrea eragin du.

Herriak Alkiri ongi etorria egiteko mentura zela pentsatu nuen. Lehenik, enpresa eder bat delako, langileekiko lankidetzan eta Euskal Herrian lanean segitu nahi duten pertsonekin. Hau ez da multinazional bat. Nire iritziz Kanbok molde honetako enpresak hartzeko interesa luke. Alkiren asmoa da 2025erako 80 eta 85 langile artean kontratatzea. Honek ezinbestez Kanbori etekin ekonomikoak ekarriko zizkiokeen eta hori ona izan zitekeen herriarentzat. Oposizioak, bere arrazoiekin, ez zuen nahi Alkik laborantzarako lurrak hartzerik. Hori haien ikuspuntua da, baina udaleko gehiengoak partekatzen ez duguna. Nire ustez Euskal Elkargoaren eskutik presioa izan da enpresa beste leku batera joan zedin. Eta azkenean, Larresoron kokatuko da.

Xumieniako lurrekin zer pasako da?

Bigarren proiektu bat plantan ezartzeko aukera ukan genuen, baina horrek ez zuen igurikatzen genuenarekin bat egiten. Beraz, nahiago izan genuen eremua naturala izatera itzultzea. Beste aldea eremu eraikigarri bihurtu da. Zergatik? Lehenik, jadaneko Assantza izeneko etxe multzo bat badelako. Assantza 2 ere abian da. Gero, hor bada errepideraino heltzen den lur zatia eta justuki, eraikigarri bihurtzea deliberatu dugu, betebehar batzuekin. %50ean bizitegi sozialak eraiki nahi ditugu: lur eremu honetako zati eraikigarria murriztu dugu, Kanbo eta Itsasu artean espazio oihantsu batekin. Horrek bertan ezin dugula eraiki erran nahi du. Gisa berean, bide osoan zehar babesturiko eremu berde bat jarri dugu, paisaiaren hobekuntza permitituz. Proiektu honek alokairu sozialerako 40 bizitegi inguru eraikitzeko aukera emanen digu.

Bizitegi sozialen ikuspegitik dauden beharretarako zaharkiturik diren bizitegiak eraberritzea aztertu zenezakete?

Herri erdian bada Sainte-Marie izeneko eskola zahar bat. Herriko Etxearena da eta 16 bizitegi sozial inguru egiteko eraldatuko dugu. Gainerako eraikinak ez dira gureak. Berez, eros genitzake, baina edozein gisaz kopuru aldetik ez dira proiektu handiak izanen. Antzinako osasun etxea zen Beaulieurekin ere pentsatzen ari gara. Lur eremu horretan bizitegiak izatekotan, bizitegi sozialetarako portzentaje garrantzitsu bat ezarri beharko da.

Herriko Etxean zuk errana da Francessenia medikuntza-hezkuntza institutuak ateak hetsiko zituela. Ikastetxeak, haatik, informazio hori ukatu du.

Hain zuzen, hala iragarri genuen eta ez da guztiz egia. Hutsegite hori nire gain hartzen dut. Gaizki ulertze bat izan zen. Damugarria da eta zuzendariari barkamena galdegin nion.