Kazeta

Bake prozesua erdigunean Parisko auziaren lehen saioan

Jeff Mateo, Terexa Lekunberri, Grazi Etxebehere, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea euskal herritarren kontrako auzia abenduaren 17an hasi zen Parisko zigor auzitegian. Lehen auzi saioan Euskal Herritik joandako berrogei lagunen babesa ukan zuten auzipetuek. Epaileei emandako erantzunak xehetasunez jaso zituen Parisen den Antton Etxeberri Mediabasken zuzendariak.

Auzia abenduaren 17an hasi da Parisen. ©Antton Etxeberri
Auzia abenduaren 17an hasi da Parisen. ©Antton Etxeberri

Astelehen honetan, abenduaren 17an eman zitzaion hastapena 2015eko uztailean Ortzaizen atxilotuak izan ziren bost euskal herritarren kontrako auziari. Parisko zigor auzitegian iragaten ari den auziaren lehen eguneko deklarazioak argigarriak izan ziren, auzipetuak bake prozesuaz, armagabetzeaz, elkartasunaz edota ahaidetasunaz mintzatu baitziren. Gaur 13.30ean berrabiatuko da.

Auzi saioan hitza hartu zuen lehena Jeff Mateo izan zen. Donibane Lohizuneko kolegio bateko irakasle den Mateori Grazi Etxebehereren etxean ziren ETAren bi kideren bila joan eta egun batzuetan bere etxean aterpetu izana leporatzen zaio. Poliziak Etxebehereren etxe inguruetan kukutuak ziren. Biharamunean, poliziak etxean bortizki sartu eta Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri bere emaztearekin batera, Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta ETAren bi militanteak atxilotu zituen.

“Indarkeriaren bukaeratik lau urtera bi militante hauek aterpetzea, bake prozesuari ekarpena egiteko gure modua izan zen. Bakeranzko bidean parte hartzeko gure modua, hain zuzen”, erranez ekin zion Mateok bere azalpenari. Epaileak, harriduraz, galdera pausatu zion: “Ba al zenekien lanjerosak zirela? ETAren kide ziren”. “Banekien klandestinitatean zirela. 60 urte dira Euskal Herrian borroka armatua badela. Haien engaiamendu pertsonala errespetatu baizik ezin dut egin. Euskal Herriak ainitz sufritu du, bi aldeetan. Haiek aterpetzea beste aukerarik ez nuen ikusten”, erantzun zuen ortzaiztarrak. Epaileak galderekin segitu zuen: “Pentsatu al zenuen zure haurrak bi gizon hauekin batera etxe berean zirela?”. “Ainitz pentsatu nuen. Bake prozesua sustengatu behar zen eta ez dut uste deus ez egitea hobea izanen zenik, horrek ondoko belaunaldientzat bake prozesua gibelatzea ekarriko bailuke. Ez nuen nahi ondoko belaunaldiek, tartean nire haurrek, gatazka armatua bizitzea. Beraz, haiengan pentsatuz hartu genuen aterpea emateko deliberoa”. Mamian sakondu zuen Mateok: “ETAk gainetik kendu nahi zuen armategi bat zuen eta gure atxiloketatik bi urtera, armak emanak izan ziren. Ene ustez ondoko ekintzek maila handian arrazoia eman digute”.

“Armagabetzea, gizarte zibilari esker”

Terexa Lekunberri izan zen epailearen aitzinean hitza hartu zuen hurrengoa: “Memento horretan egin behar zena egin genuela uste izan genuen. Bake prozesuan parte hartzeko gure ardurak hartu genituen”, onartu zuen. “Bagenekien bakea ez zela gauetik goizera helduko. Froga hor da, zazpi urteren ondotik prozesu hori oraino ez baita bukatua. Militante hauek bake prozesuak aitzina egiteko lanean ari ziren eta guk lagundu genituen. Konfiantzarekin aritu ginen”. Epaileak beste galdera bat pausatu zion orduan: “Ba al dakizu ETArentzat zer egin izan duten?” “Haien iragana beraiena da. Nire begirada geroan ezarrita zegoen, ez iraganean. Garaian baino ainitzez libreago sentitzen nintzen, borroka armaturik gabe lau urte iraganak baitziren”. Prokuradoreak tonua gogortu ahala, Lekunberrik honakoa erran zuen: “Badakizue, egun armagabeturiko erakunde bat baldin bada, hori gizarte zibilari esker gertatu da, ez Frantziako Gobernuari esker”.

“Trantsiziozko justizia plantan ezarri”

Lekunberriren lekukoa Grazi Etxebeherek hartu zuen: “epaile jauna, nonbaitera aitzinera egiteko, bi izatea beharrezkoa da. Batek aitzinatu nahi ez badu, besteak ahal duena egiten du. Aldebakarreko prozesu batean ginen. Armagabetzerako ETAk ez zuen solaskiderik bere aitzinean”. Epaileak fite moztu zion: “baina pertsona hauek armak zituzten”. “Arma hauek Espainiara bidaliak ez izateko eta tortura ez pairatu behar izateko zituzten gainean”, erantzun zuen Etxebeherek. “Biktimengan pentsatzen al duzu? Erraten duzu bi militante hauek lagundu dituzula helburura heltzeko, baina zu ez zara ETAkoa”. “Bai, biktimak alde guzietan dira. Pertsona bat eri denean eta bere bizia arriskuan ikusten duenean, bere heriotza saihesteko sendabide posible guziak baliatzen ditu. Gure herria heriotza arriskuan da eta herri hori defendatzen duten jende guziekin elkartzen naiz”, tinko azaldu zen ortzaiztarra.

“Niretzat biziki zaila da azaltzea” segitu zuen Etxebeherek. “1992an sei urte eman nituen presondegi prebentiboan. Denbora horretan gainbeheran zen ehun sozial pobre bat aurkitu nuen. Nire herriarentzat ez dut halakorik nahi, xutik den jendea nahi dut”. Ortzaizeko militante abertzalea epaileengana zuzendu zen orduan: “Ene ustez, Frantziako justiziak badu leku bat bake prozesuan. Urrun diren euskal presoak, eri direnak... Trantsiziozko justizia plantan ezarri behar da. Ez duzue uste horretan laguntzen ahal zenuketenik? Baduzue botererik horretarantz joateko, ezta?”. Galdera horiek pausatu eta jarraitu zuen: “ahaidetasun eta harreraren gisako baloreak dituen gure herria ezagutzera gomitatzen zaituztet. Nire kultura hiltzen ari dela sentitzen dudanean, nire zati bat ere hiltzen da. Nire barnean da. Gure etxean, harrera egitea usaiakoa da”. Eta bukatzeko “ironikoa da armagabetzea egin nahi zuten pertsonak presondegian izatea, hori oinaze bat da enetzat” gaineratu zuen.

“ETAk beti erran izan du egia”

Hiru ortzaiztarren ondotik, 39 urteko Xabier Goienetxea oreretarraren txanda heldu zen. Goienetxeak azalpen xeheak eman zituen, galderei frantses garbiz erantzunez, epailearen harridurarako. “ETAren militante izan ginen eta 2011koa ez zen su-eten bat izan zuk erran bezala. Aieteko bake konferentziatik hiru egunera iragarritakoa borroka armatuaren bukaera izan zen” erranez ekin zien bere azalpenei.

“Gainean genituen armak gure burua babesteko genituen. 2009an, ETAren militante zen Jon Anzak Tolosan hitzordu bat ukan zuen beste militante batzuekin. Espainiako poliziek bahitu zuten eta bere gorpua urtebete geroago agertu zen hiri horretako gorputegi batean” argitu ondotik, “Ortzaizen atzemandako bi armak desmuntatuak zirela eta ez zirela erabiltzen ahal” erantsi zuen. “Zein zen hauen destinoa?” galdetu zuen epaileak. “Gainerateko guziak bezala, Frantziar estatuaren esku ezarri behar ziren”, erantzun zuen Goienetxeak.

Epaileak bere hitzak zalantzan jarri nahi izan zituen: “ez arma guziak”. “Bai, arma guziak. ETAk beti erran izan du egia eta nehoiz ez da ezkutatu, ezta huts egiteak egin dituenean ere. ETAk ez du gezurrik erran: bere eskuetan zituen arma guziak itzuliak izan dira. Badakizu, ETA Frantziar eta Espainiar Gobernuekin elkarrizketak abiatzeko 16 hilabetez zain egon zen, baina nehor ez zen jin. Ezin dugu ETAren hitza eta engaiamendua zalantzan ezarri. ETAk aldebakarreko bidetik segitzea deliberatu zuen, estatuen blokeoaren aitzinean bere armen zigilatzeari ekinez”, zehaztu zuen Goienetxeak.

Segidan, epaileak miaketan atzemandako “Gamm Vert” denden zerrenda bati buruz galdetu zion eta ETAren militanteak erantzuna fite eman zuen: “Zure galderaren bukaerara joan zaitez. Lehergailuak egiteko ongailua erosteko ote zen? Ez! Pentsatu al duzu Gamm Vert denda batean armak zigilatzeko 120 litroko bidoiak eros daitezkeela?”. Auzipetuaren galderaren aitzinean epailea isilik geratu zen.

“Indarkeriarik erabili gabe preso egoten ahal da”

Epaileek ETAko kide izateko arrazoiez galdetu zieten Xabier Goienetxea eta Iñaki Retari. Lehenak garaian bizi izan zuen egoera ekarri zuen gogora: “2008an, polizia ni atxilotzera heldu zen eta torturaren mehatxuaren arriskupean, erabaki bat hartu behar izan nuen: amore eman edo klandestinitatera jo. Nire familia, lana eta lagunak utzi behar izan nituen. Ez dugu borroka armatua praktikatu Euskal Herrian proiektu bat inposatzeko. Hiltzera kondenatu nahi zuten herri bat defendatzeko engaiatu ginen ETAn. Euskal Herriko egungo egoera politikoa militante ainitzen engaiamenduaren ondorioa da”, adierazi zuen.

Iñaki Reta 59 urteko elorriarrak gaztelaniaz egin zituen azalpenak: “18 urterekin engaiatu nintzen ETAn. Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren kontrako erasoei buru egiteko osagai guziak zeuden. 15 urteko espetxe zigorra ezarri zidaten. Presondegian alimaleko errepresioa zegoen, jipoiak... Zigorra beteta 1996an geratu nintzen aske eta amnistiaren aldeko elkarte batean sartu nintzen, euskal presoen senideak babesten dituen erakunde batean. Egitura honetan nire militantzia zela eta, errepresioa emendatu egin zen eta berriz atxilotu ninduten, erakunde hau legez kanpo utzi baitzuten. Prokuradore andrea, indarkeriarik erabili gabe preso egoten ahal da”, adierazi zuen Retak.

Horrela bukatu zuen ibilbide luzeko militanteak: “Ortzaizeko hiru herritarrak ez dira nehoiz ETAren barnean izan. Haiek, beste ainitzek bezala, bake prozesu batean parte hartuz lagundu zuten. Prozesu hau hasi izan ez balitz, ni eta nire kideak ez genuke nehoiz ezagutuko. Espainia eta Frantzia prozesu hori arriskuan jartzen ari ziren. Egun armagabetze eta erakundearen desagerpen egoeran baldin bagara, hori Etxebehere, Lekunberri eta Mateo bezalako jendeei esker da”.

Texierren lekukotasuna

Pausa bat egin ondotik, auzi osoko lekuko bakarra den Philippe Texier sartu zen gelara. 77 urteko ohorezko magistratuak ETAren armagabetzea beste herrialde batzuetakoekin alderatu eta galdegin zuen: “Zergatik ez dira ohiko arauak erabiltzen euskaldunak direnean? Orain ETA existitzen ez delarik, zein da Frantziar justiziak presoen gaian ez aitzinatzeko duen arrazoia?”. Defentsaren abokatuaren galderen aitzinean, honakoa erantsi zuen: “Bake prozesurako perspektibak definitzea zaila da. Espainiak eta Frantziak armagabetzean parte hartze oso ttipia ukan dute eta pasa den guzia ezagutzeko inplikatu beharko lirateke, biktimen erreparaziorako egiaren batzorde baten bitartez. Ene ustez, denboran eten bat bada: 2011ren aitzinekoa eta ondotik heldu dena. Gerora egin den guzia kontuan hartu beharko litzateke. Bake prozesu bat egoteak zigorretan eragina ukan beharko luke”, adierazi zuen Texierrek.

Azken hitz hauekin eman zitzaion bukaera lehen auzi saioari. Gaur, abenduaren 18an bigarrenari ekingo zaio, 13.30ean.

EH Bai: “armagabetzearen lehen kapitulua”

Mugimendu abertzalearen zuzendaritzako kide den Xabi Larralde Parisen izan zen auzipeturiko bost euskal herritarrei sustengua emateko. EH Bai-k zabalduriko bideo labur batean Larraldek erran zuen jendarte zibilaren inplikazioaren eta armagabetzearen lehen kapitulua izan zela Ortzaizekoa. Hori dela eta, auzipetuak libratuak izan beharko liratekeela aldarrikatu zuen, “euskal konponbide prozesuari ezinbesteko ekarpena egin baitiote bere garaian”.