Iurre BIDEGAIN

Ruper Ordorika bakarka, gitarra lagun

Azken urteetako esperientzia hamabi kantuk osatzen duten diskoan bildu du Ruper Ordorikak. “Bakarka” deituriko lan berrian gitarra soilik izan du bidelagun. Hautu honekin beste mundu batera salto egin duela aitortu du artistak.

Kantuen aukeraketa ez da erraza izan. Buruhauste handiena izan dela aitortu du Ruper Ordorikak. Hain zuzen, disko bakar batean berrogei urteko ibilbidea laburbiltzea erronka ausarta da, zalantzarik gabe. "Eguneroko ogia" diren kantak bidelagun, bere azken diskoa aurkeztu berri du artistak.

Orain arte gisa horretako disko bat ekoiztera ez dela ausartu aitortu du musikari oñatiarrak. Badira hiruzpalau urte bakarkako kontzertuak eskaintzen dituela eta ibilbide horretan ikasitakoak zein bere senideen bultzadak disko berria argitaratzera animatu dute.

Soilik Ruper Ordorikaren ahotsa eta bere gitarra entzuten ahalko dira "Bakarka" deituriko diskoan. Hautu horrek beste diziplina bat suposatzen duela dio Saran bizi den artistak. "Beste mundu bat" dela nabarmendu du.

Bere ibilbidean mugarri izan diren hamabi kantuk osatzen dute lan berria. Hasiera batean hogeita bost kantu grabatu eta hamasei abestira pasatzea urrats erraza izan zela azaldu du, ez haatik, ondotik hamabi kantu hautatzea. Kantu horiei moldaketak egin dizkien arren, "jatorrizko ukitua" atxiki duela azpimarratu du, moldaketa horiek "ibiltzearen poderioz" egin direla gaineratuz.

Jatorrizko esentzia hori Ruper Ordorikaren baitan ere aurki daiteke. Berrogei urte hauetan musikaria bera zertan aldatu den galdegitean, gaur egun "beste segurtasun" bat duela gaineratu du. "Gehiago gozatzen dut orain. Hasierako arnasa hor da, baina gako handiagoak ditut", erantsi du.

Disko berria aurkezteko zuzenezkoetan taldeka zein bakarka arituko da Ruper Ordorika. Abenduan gaindi hainbat kontzertu eskainiko ditu artistak Euskal Herrian. Hain zuzen ere, bi asteburuz Bilboko Kafe Antzokian egin ditu zuzeneko grabaketak.