Kazeta

Urruña: Hiru pertsona zendu dira auto istripu batean

Hiru pertsona hil dira ostegun honetan Urruñan gertatutako auto istripu batean. Suhiltzaileek azaldu dutenez, ibilgailuak kamioi baten kontra jo du.

Istripua Urruñako Point P dendaren altueran gertatu da. ©Isabelle Miquelestorena
Istripua Urruñako Point P dendaren altueran gertatu da. ©Isabelle Miquelestorena

Istripu larria izan da gaur goizaldean Urruñan. Bertako hedabideek jakitera eman dutenez, hiru pertsona hil dira istripuan haien autoak kamioi baten aurka jo ostean. Goizeko 1.15an gertatu da istripua, RD-810 errepidean, Point P saltokiaren parean. Kamioia Hendaiarantz zihoala, paretik zetorren auto bat bere erreitik atera da eta haren aurka jo du, Naiz atariak plazaratu duenez.

Talka oso bortitza izan da eta horren ondorioz autoaren barruan zihoazen hiru bidaiariak hil egin dira. ‘Sud-Ouest’ egunkariaren arabera, 37 urteko gidaria, Ziburuko 28 urteko emakume bat eta identifikatu gabe dagoen beste gizonezko bat dira hildakoak. Hirurak kotxean harrapatuta geratu dira eta atera egin behar izan dituzte. Kamioiko gidariak, ostera, ez du kalterik izan.

25 suhiltzaile eta bi anbulantzia bertaratu dira istripuaren lekura, baita arrisku kimikoen prebentziorako beste ekipo bat ere, izan ere ibilgailu astunak isuri bat baitzuen bere depositotik.

Goizaldeko 01.15etan izan da ezbeharra eta errepidea moztuta egon da goizaldeko 7.30ak inguru arte.