Kazeta

Macronen bisitaren kontrako ekintza burutu du Aitzinak

G7 gailurraren goi-bilera prestatzeko xedez, Emmanuel Macron Biarritzera etorriko da heldu den abenduaren 18an. Frantziaz estatuko presidentearen bisita gaitzesteko ekintza bat burutu du Aitzinak abenduaren 12an.

Hotel du Palais-en atarian egin du elkarretaratzea Aitzinak. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Hotel du Palais-en atarian egin du elkarretaratzea Aitzinak. (Isabelle MIQUELESTORENA)

«G7 hautsi» zioen pankarta batekin Biarrizko Hotel du Palais-en atarian elkarretaratzea egin dute Atzinako kideek. «Macron kanpora» lelopeko beste bat ere eskegi dute, presidente frantsesaren aurpegia buruz behera erakusten zuena, Naiz atariak azaldu duenez.

Protesta horrekin salatu nahi izan dute «herritarron diruarekin ordainduriko» G7 taldearen goi-bilerari begirako segurtasun plana gainbegiratzeko hilaren 18an Macronek «enbaxadore ugarirekin batera» Biarritzera egingo duen bisita. 

«Agorrilean itzuliko da hona Macron, munduko agintari nagusien klubeko bere laguntxoekin batera. Kapitalaren eta miseriaren ikur diren agintari hauek, bizi dugun krisi sistemikoaren erantzuletzat har ditzakegu», azpimarratu dute. 

Horregatik, ozen adierazi nahi izan dute «burujabe izan nahi duen herri batekin eginen dutela topo: Euskal Herritik ez dira pasako!».

Era berean, nabarmendu dute «txaleko horien» protesten eraginez «zilegitasun krisia» bizi duela estatuburuak. «Diskurtso lausoa eta argi-ilunak izan arren, hastapeneko eregaien gaineko zergaren auziaz harago, gero eta kutsu sozialagoa hartzen joan da mugimendua, Macronek klase aberatsenen alde sustaturiko politika orokorraren aurkako hauspoa gorpuzteraino», azaldu dute.

Testuinguru honetan, gazte antolakundeak adierazi du «frantses Estatuaren dominazio-sistema konplexua ukatu eta honekin konfrontatzeko ardura» daukatela eta horretarako «gure bizitzaren arlo guztietan burujabetza eta boterea eskuratzeko lubakietan ere antolatu» beharra dagoela.