Goizeder TABERNA

Lurraldea antolatzeko dokumentu guziak berriz sortzen ari dira

Lurralde Koherentzia Eskema, Klima Plana, Etxebizitza Programa eta bestelako hirigintza dokumentuak definitzeko gogoeta bete-betean dira hautetsiak. Hiri Elkargo bakarra sortu denetik horiek guziak berriz pentsatu behar dira. Artikulu hau Euskal Hedabideekin - Kanaldude, Euskal Irratiak, Herria eta Iparraldeko Hitzarekin -, osatutako dosier zabalago batean sartzen da.

Lurraldearen beharrei erantzunen dien eta epe luzean jasangarria den antolaketa prestatu behar dute hautetsiek.
Lurraldearen beharrei erantzunen dien eta epe luzean jasangarria den antolaketa prestatu behar dute hautetsiek.

Bor-bor daude lurralde antolaketaz arduratzen diren zerbitzuak. Izan Euskal Elkargokoak zein ardura hori duten beste erakundeetakoak, lurraren erabilpena berriz arautzen ari dira azken hilabeteetan eta guti gorabehera 2022 bitarte segituko du gogoeta horrek. Horien artean nagusia da Lurralde Koherentzia Eskema, erdaraz Scot deiturikoa. Abenduaren 13an, ostegunean, idekiko da gida-eskema hori arraberritzeko gogoeta Hazparnen.

Lehenengoz, Ipar Euskal Herriko 158 herriak hartuko ditu, jada arautzen zituen Landesetako zortzi herriekin batera. 2017an, Euskal Elkargoaren sorrerarekin, dokumentu gehienak berritu behar izan dira legeak agindurik. Arrazoin hori beragatik eta Ipar Euskal Herriko jendarteak bizi duen aldaketa testuinguruagatik, gogoeta horietatik etorriko diren erabakiek pisu nabarmena izanen dute, preseski legeak agintzen baititu.

Ez zuten indar bera aitzinetik lurralde antolaketan koherentzia bat ekartzeko izan diren saiakerek. Herri bakoitza bere xokoan ibiltzen zela jabeturik, Garapen Kontseiluko kideek "Euskal Herria antola eta zain dezagun" gogoeta bultzatu zuten 2009an. Lehen aldikotz, hiru herrialdeetako hautetsi eta eragileek lurraldea manera jasangarri batean antolatzeko ariketa egin zuten. "Dokumentu ona zen hura baina nehor ez zen horretaz axolatu, ez zen izan ekintza batzuen iturburu", aitortzen du gaur egun horretan engaiatua den Martine Bisauta Baionako hautetsiak. Eta ohitura zaharrak ez dira desagertu.

Gauzak ordenatzeko eta jo-puntu bera finkatzeko asmoz, legeak Lurraldeko Koherentzia Eskema jarri du gainerateko dokumentuen gainetik. Gisa bereko Akitania Berria mailako araudien menpe dago, eta horren azpitik daude Klima Plana, Tokiko Hirigintza Plana, Hirigintza Mugikortasun Plana eta Tokiko Etxebizitza Programa. Horien guzien bidez koherentzia bat eta eraginkortasun bat xerkatzen dute agitariek.

1) Lurralde Koherentzia Eskema ororen gainetik

Urte bukaera honetan hautetsiek abiatuko duten gogoetak Lurralde Koherentzia Eskemak hartzen dituen 166 herrien antolaketa jasangarria du helburu. Planifikazio dokumentu horrek Ipar Euskal Herriko herriez gain, hego Landetako Seignanx eskualdekoak ere antolatzen ditu.

Bi Lurralde Koherentzia Eskema ziren 2017ko urtarrilaren 1era arte, Hego Lapurdikoa eta Euskal Kosta-Aturri Elkargokoa. Lurralde Koherentzia Eskemaren sindikatak eskema berria osatzeko lurralde berriko hautetsiak bilduko ditu orain eta hilabeteak iraunen du ariketa horrek. Hautetsiez gain, mota askotako eragileekin partekatuko dute gogoeta.

Ororen buru, diagnostiko bat, Antolaketa eta Garapen Jasangarrirako Proiektu bat eta Norabide eta Helburuen Dokumentu bat idatzi beharko dute. Etxebizitza, merkatal guneak, hirigintza, espazioa eta ingurunea kontuan hartuko ditu. Ondoren, Lurralde Koherentzia Eskemako 66 hautetsiek erabakitako norabideak errespetatuak direla zaindu beharko dute.

2) Klima Plana ekintza sorta baten iturburu

Klimaren beroketari aurre egiteko espresuki sortu den arau sorta izanen da Tokiko Klima-aire-energia Plana. Udazken honetan abiatu eta 2019ko irailean ikusgarri izan beharko lukete lan horren ondorioek. Alor horretan ere, diagnostikoa, helburuak eta ekintzak jarriko dira bata bestearen ondoan.

Berezko fiskalitatea duen kolektibitate orok bere plana izan behar duenez, legeari erantzuteko, Ipar Euskal Herriko 158 herriak elkartzen dituenak ere berea izan behar du. Hirigintza dokumentuek eta bestelako araudiek agintzen dituzten norabideekin bat etorri beharko da.

3) Herri Arteko Tokiko Hirigintza Plana herri tipien babestoki

Ipar Euskal Herrian Herrien Arteko Tokiko Hirigintza Planak sortzeko bidea hautatu du Euskal Elkargoak. Heldu den urtean zehaztuko dituzten perimetroetako bakoitzak izanen du plan bat eta legeak dioenez, 2022rako eginak izan beharko dute. Herri elkargo bakarra sortu zenean planifikazio eta hirigintza dokumentuen eskumena hartu izanak ahalbidetu du herrien arteko gogoeta komuna.

Orain arte, Hazparne aldean eta Euskal Kosta-Aturri Herri Elkargoaren eremuan baizik ez zen Herri Arteko Tokiko Hirigintza Plan bat. Beste herrietan Tokiko Hirigintza Plana eta Herriko Kartek dute agintzen, baina askotan ez da deus. "Antolaketa dokumenturik ez duten herriak maiz zailtasunetan izaten dira, kasu horretan Hirigintza Araudi Nazionala aplikatzen baita eta zaila baita eraikitzeko baimenak onartzea", dio Pascal Jocoux Euskal Elkargoko lehendakariordeak.

4) Antolaketa planak ere hiru herrialdeentzat

Hirigintza dokumentuez gain, Hiri Garraio Plana eta Tokiko Etxebizitza Programa gogoetatzen ari dira herritarren ordezkariak. Euskal Elkargoaren gain dira biak eta, hala, alor horietan burutuko dituen politikak zehazten dituzte. Helburuak eta horietarako behar den dirua finkatuko dituzte.

Dokumentu estrategiko horiek guziek pisu politiko handia dute eta ez da arrunta hautetsiek horietariko gehienak 2020ko herriko bozen aitzinetik osatzeko helburua izatea.