Kazeta

EuskarAbenturaren edizio berri bat iragarri dute

Heldu den urteko uztailean EuskarAbentura espedizioaren bigarren edizioa eginen dela iragarri dute abenduaren 8an. 2002 eta 2003 urteen artean jaiotako gazteei zuzendua egongo da eta interesatuek lan bat eta motibazio gutuna bidali beharko dute egitasmoan parte hartzeko.

EuskarAbenturaren bigarren edizioaren aurkezpena. (Endika PORTILLO/FOKU)
EuskarAbenturaren bigarren edizioaren aurkezpena. (Endika PORTILLO/FOKU)

Aurtengo EuskarAbentura espedizioaren balorazioa «oso ona» izaki, 2019an bigarren edizioa egingo dutela aurreratu zuten abenduaren 8an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian antolatzaileek. Espedizioak 16-17 urte bitarteko 120 gaztek osatuko dituzte, eta, parte hartu ahal izateko, banakako lan bat egin beharko dute, hiru gai hauetako baten inguruan: “Maite ditut maite gure bazterrak”, “Joan-etorriak: migrazioen testigantzak” edo “Errimak eta erritmoak”. Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntzaren eta Puntueus Fundazioaren laguntzaz ebaluatuko dira, eta lan onenen egileek espediziora joateko «beka» jasoko dute, Garako artikuluak azaldu duenez.

EuskarAbentura 2015ean jaio zen, txoko desberdinetako hainbat gaztek Boiseko Jaialdian bat egin eta gero, Idahon. «Elkartea lau xede nagusiren bueltan jaio zen: gazteen artean euskararen erabileran eragitea, mundu mailako gazte euskaldunen sarea sortzea, gure herriaren ezagutzan sakontzea eta balore positiboak lantzea», azaldu zuten.

«Pozgarriena», gazteek bizi izan duten bizipenaren «balorazio positiboa» ezagutzea izan dela nabarmendu zuten. «Jzioquitarren [espedizioko gazteen] gehiengo handiak errepikatuko lukeela adierazi digu».

Interesdunek lana eta motibazio gutuna bidali beharko dituzte martxoaren 10a baino lehen. Horrez gain, www.euskarabentura.eus helbidean izena eman behar dute.