Kazeta

7 Senideko antzezlana Alozen eta Kanbon ikusgai

Manex eta Ximun Fuchs anaiak “7 Senideko” antzezlana aurkezten ari dira Euskal Herrian barna. Heldu den abenduaren 16an Alozen izanen dira eta 21ean berriz, Kanbon.

Manex eta Ximun Fuchs aktoreak.
Manex eta Ximun Fuchs aktoreak.

Larrazken honetan, Manex eta Ximun Fuchs anaiak “7 Senideko” antzezlana Euskal Herriko herri ainitzetan aurkezten ari dira. Ipar Euskal Herrian ere bi hitzordu finkatuta dituzte. Abenduaren 16an, igandearekin, Alozen taularatuko dira. Herri Antzokian arratsaldeko 17.00etan emanen zaio hastapena Basabürüko ikastolak antolatu duen emanaldiari. Kanboko hitzordua abenduaren 21ean iraganen da, arratseko 20.30ean AIEC gelan, Lorentxa Beyrieren aldeko sustengu komiteak antolaturik.
 
Antzezlanak zazpi testigantzetan oinarrituriko zazpi istorio kontatzen ditu. Anaien arteko harremanak, anai arrebenak edo ahizpen artekoak, guzien hari nagusia haietako baten hutsunea da. Antzezlana joan den martxoan estreinatu zen, Axut! kolektibo berria aurkeztearekin batera. Euskarazko antzerkia garatzea eta jarraikortasuna ematea da talde honen xede nagusia.