Kazeta

Baionako gazte batek eskua galdu du Poliziak jaurtitako granada lurretik jasota

Hogeita sei urteko gazte batek eskua galdu du Bordelen abenduaren 8an iragan ziren “txaleko horien” protestetan.

Donibane Lohizunen txaleko horiek antolatutako mobilizazioa. © Isabelle MIQUELESTORENA
Donibane Lohizunen txaleko horiek antolatutako mobilizazioa. © Isabelle MIQUELESTORENA

Baionar batek eskuin eskua galdu zuen iragan larunbatean “txaleko horien” protesta batean, Bordelen. Antoine izeneko 26 urteko gazteak erietxetik azaldu duenez, hasiera batean “txaleko horien” protestetan parte hartu ez bazuen ere, erregaien gaineko tasen auzitik harago bestelako aldarrikapen sozialak aintzat hartu zituztela ikusita, mobilizazioekin bat egitea erabaki zuen. Horregatik joan zen larunbatean Bordelera, Garako artikuluak azaldu duenez.

Erran duenez, manifestazioa lasai igaro zen eta martxa bukatzear zelarik bere lagun taldearekin ostatu batera joatea erabaki zuten. Handik gutxira, Akitaniako hiriburuan guztira 38 bat zauritu eragin zuten istiluak zabaldu zirenean, karrikara atera zen zer gertatzen zen ikustera. Bere burua ezkertiartzat jotzen duen gazteak objektu bat sentitu zuen hanken artean, eta ke ugari zegoenez, gailua hartu zuen «urrun botatzeko asmoz». Orduan, granada lehertu eta eskua txikitu zion.

Hasieran Antoine ez zen zauriaren larritasunaz jabetu: "Jendeak nola begiratzen ninduen ikusita konturatu nintzen". Geroztik bolo-bolo dabilen bideo batek jaso zuen eszena lazgarria. Bederatzi orduko ebakuntza egin ondoren, "han non eskua nuen muinoi bat dudala jabetzen hasi naiz", aitortu du Antoinek. Salaketa jarriko du. Lehenik eta behin, zein arma motak zauritu zuen argitzeko eta ondoren "aurrera begira hau berriz ez gertatzeko". Asteazkenean elkarretaratzera deitu dute Baionan, gertatutakoa salatzeko.