Dastaketa zikloa erosle eta etxe ekoizleen arteko harremanak indartzeko

Hazparnen kokaturiko Zarea ekoizleen saltegiak Idoki kalitatezko markaren baitan edota laborantza biologikoan lan egiten duten etxaldeen ekoizpenen salmenta sustatzen du. Abenduan dastaketa ziklo bati ekin dio erosle eta ekoizleen arteko harremanak indartzeko.

Kazeta|2018/12/11 07:00|0 iruzkin
Queso_naiz
Abenduaren 22an gasna eta esneki gama zabala dastatzeko parada izanen da Gamarten.

Jendeak ekoizpenak nondik heldu diren eta nola eginak diren jakitea biziki garrantzitsua denez, Hazparneko Zarea ekoizleen saltegiak erosle eta etxe ekoizleen arteko harremanak indartzea xede harturik dastaketa zikloa abiatu du. Joan den abenduaren 8an eman zitzaion hastapena Pantxo Etcheverry eta Celine Jorajuriaren ardi gasna eta erreximentekin.

Abenduaren 15ean berriz, goizean zehar, oilaskoak hazten dituzten Jon eta Valerie Zubeldiaren Gamarteko Xapa etxaldea ezagutu eta haien ekoizpenak dastatzeko aukera izanen da. Oilaskoak kanpoan eta bihi biologikoak erabiliz hazten dituzte.

Astebete berantago, abenduaren 22an, Gamarteko Bixartea eta Belazkabieta etxaldeen txanda izanen da. Iñaki Berhocoirigoinek bere burasoen segida hartu du Maitena Zubeldia bizilagunarekin. Behi gasna eta esneki gama zabala ekoizten dute. Bestetik, etxaldean hazitako xerri eta aratxeekin kontserbak egiten dituzte eta dibertsifikazioa helburu hartuta, baita kiwi fruitua landu ere.