Kazeta

Biarritzeko EH Bai-k zerrenda abertzale idekia aurkeztuko du 2020ko hauteskundeetarako

Biarritzeko EH Bai-k aho batez onartu du 2020ko herri hauteskundeen lehen itzulirako zerrenda abertzale idekia aurkeztea, Mediabask-ek jakin duenez. Gisa horretan, egun Herriko Etxean ardurak dituzten hautetsi abertzaleek ez dute Veunac auzapezarekin bat eginen.

Orain arte, hautetsi abertzaleek auzapezarekin leialtasuna lehenetsi dute. © Bob EDME
Orain arte, hautetsi abertzaleek auzapezarekin leialtasuna lehenetsi dute. © Bob EDME

Biarritz Bestelakoak ekainean iragarri zuena abenduan baieztatu du EH Bai-k. 2020 urtean iraganen diren herri hauteskundeetako lehen itzulian zerrenda abertzale idekia lehia elektoralean izanen da. Deliberoa mugimendu abertzalearen 21 kidek egindako bilkuran aho batez hartu zen.

Bozketan Peio Claverie, Michel Veunac-en axuanta, eta euskara batzordearen buru den Maialen Etcheverry izan ziren, Mediabask-ek argitaratutako informazioaren arabera. Auzapezaren axuanta ere baden Régine Daguerre han ez bazen ere, bozketarako Claverie-ri eman zion boterea. Michel Poueyts hautetsiak ez zuen parte hartu eta ez zuen nehoren esku utzi bere bozka.

Ekainean Biarritz Bestelakoak plazaratutako oharraren segidan, Claverie, Poueyts eta Daguerrek zalantzarik gabe adierazi zuten Michel Veunac-en gehiengoarekin bat egiten zutela. Orduko hartan “Biarritz Bestelakoa ez dela mugimendu abertzalearen bozeramalea” erran zuten hiru hautetsiek eta Veunac-ekin bilan bat egin nahi zutela adierazi zuten.

Sei hilabete geroago egoerak bilakaera nabarmena ukan du. Claverie eta Daguerre hautetsiek estrategia aldatu dute eta azkenean Biarritz Bestelakoak auzapezarengandik aparteko zerrenda aurkezteko deliberoarekin bat egin dute. EH Bai-ren bilkuran bozkaturiko idazkiak ez du zalantzatarako tarterik uzten: “2020eko herri hauteskundeen lehen itzulirako Biarritzeko EH Bai-k aho batez onartu du zerrenda ideki bat aurkeztea”.

Gauzak hala, Biarritzeko auzapezak azken hilabeteetan izaten ari den zailtasunak kudeatu beharko ditu. Arrazoi ezberdinengatik bere gehiengoan ukan dituen dimisioei orain hiru hautetsi abertzaleen urrunketa gehitu behar zaie. 2014ko hauteskundeen lehen itzulian abertzaleek harekin bat egin zuten baina erabakitakoaren arabera 2020an ez da halakorik gertatuko.