Pantailen eragina saihesteko xedearekin elkartuko dira Lekunberrin

Irabia herritarren biltzarrak deiturik, heldu den abenduaren 15ean bilkura eginen da Lekunberrin (Baxe Nafarroa). Bertan, 2019ko maiatzean urte oroz egin ohi den “10 egun pantailarik gabe” ekimenari begira jartzeaz gain, pantailek eguneroko bizian dituzten ondorioez gogoetatuko dute.

Kazeta|2018/12/10 14:50|0 iruzkin
Ordenador
“10 egun pantailarik gabe” lelopean iragaiten den ekimena ohikoa da elkarte, eskola zein Herriko Etxeetan.

Gero eta erabiliagoak dira pantailak, bai lanerako, bai aisialdirako. Ordenagailu, internet, mugikor, tableta, telebista... Alta, neurrigabeko erabilerak jendeari eta ingurumenari kalte egiten diola ohartzea kosta egiten da. Jendearen eta bereziki haurren arreta, kontzentrazioa, oroimena, irakurketa, sorkuntza, elkar bizitza edo buruz buruko harremanak kaltetu ez ezik, uraren, erregai fosilen eta mineralen kontsumoa azkarki handitzen da.

Ondorio kaltegarri horiek hobeki ezagutzeko eta saihesteko, Ipar Iratiko eskualdean gogoeta kolektiboa abiatu dute, ondotik ekintza zehatzak plantan ezartzen helburuz. Eskualdeko zazpi herritako herritarrak biltzen dituen Irabia biltzarraren ekimenez, gai hori landuko dute heldu den abenduaren 15ean antolaturiko bilkura idekian. Hitzordua Lekunberriko Leku Berri gelan emana da, goizeko 10.00etan.   

Urte oroz egiten den “10 egun pantailarik gabe” ekimenean eskola, elkarte eta Herriko Etxe ainitzek parte hatzen du. 2019ko edizioa maiatzaren 14tik 23ra iraganen dela jakinarazi dute. Egun horietako helburua hamar egunez aisialdian pantailarik ez erabiltzea da. Jadaneko iragarri dute “L´emprise numérique” liburua idatzi duen Cédric Biaginik mintzaldi bat emanen duela.