Frantziako Estatuak urtarriletik irailera legez kanpoko 7.000 kanporatze egin ditu

SOS Arrazakeriak salatu duenez, 2018ko lehen bederatzi hilabeteetan Frantziar Estatutik 9.000 migrante izan dira kanporatuak. Euskal Herritik eta Kataluniatik egindako kanporatze hauen artean 7.000 legez kanpokoak izan zirela dio erakundeak.

Kazeta|2018/12/07 14:00|0 iruzkin
Racismo
Irungo SOS Arrazakeriak egindako txostenaren aurkezpena. (@FederacionSOS)

SOS Arrazakeriak urteko txostena ezagutarazi zuen Irunen. Mikel Mazkiaran idazkari nagusiak bertan adierazitakoaren arabera, Frantziako Estatuak 9.038 migrante kanporatu zituen, horietariko 5.602 Hendaiatik Irunera eta beste 3.436 La Jonqueratik (Girona, Katalunia).

Arrazakeriaren kontrako erakundeak jakinarazi duenez, kanporatze horietatik 7.000 prozedurarik gabe egin dira eta “guztiz legez kanpokotzat” jo ditu, Schengen eremuan halakorik ezin dela egin oroituz.

Mazkiaranen erranetan, “beroan” egindako kanporatzeak eguneroko praktika dira eta ez kasu puntualak, Fernando Grande Marlaska Espainiako barne ministroak joan den urrian erran zuen gisan. Bere iritziz, Grande Marlaskaren adierazpenek “auzoa den herrialdearekin gatazkarik ez sortzeko” xedea dute eta horregatik uste du oinarri politiko argia dutela. “Gaia diplomaziarekin eraman nahi dute eta arazoak saihestu”, deitoratu du Mazkiaranek.

Gisa berean, Irunen antolatu den herritarren sarearen lana txalotu du. 2.000 otordu eman eta migranteak artatzeko 24 oreneko txandak ezarri dira. Hauetako ainitz Europako beste herrialde batzuetara igarobidean ziren.

Egoera honen aitzinean SOS Arrazakeriak instituzioen erantzun eza kritikatu du. “Ez dira ahultasun egoerak identifikatu nahi. Hori da arazorik nagusiena”, salatu du Alba Cuebas Kataluniako koordinatzaileak.