Iruñeko Volkswagen: zalantza eta kezka langileen artean

Gobernu espainiarrak aldaketa klimatikoaren kontrako lege proiektua presentatu du. 2040 urtetik goiti gas toxikoak igortzen dituzten autoen salmenta debekatzeko deliberoa arrangura sortzen ari da autogileen artean. Hori gertatzen da Iruñeko Volkswagenen lantegian.

Kazeta|2018/12/06 16:05|0 iruzkin
Volkswagen
Volkswagenek Landabenen duen lantegia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Aldaketa klimatikoaren kontrako eta trantsizio energetikorako lege proiektua aurkeztu da Espainiako kongresuan. Testuaren arabera, karbono dioxidoa igortzen duen edozein auto edo komertzial arinen (kamioneta) salmenta debekatuko da 2040 urtetik aitzina. Debeku honek ezantza eta diesel autoei eraginen die, baita hibrido eta gas naturala kontsumitzen dutenei ere. Soilik auto elektrikoak eta hidrogenoarekin zein teknologia garbiarekin funtzionatzen dutenak saldu ahalko dira. Debekuaren ondotik, motor autoak hamar urteko epean desagertuko dira eta 2050etik goiti hauen zirkulazioa debekatuko.

Adituen arabera, iragarpena denboraz egin da automozio mundua egokitzeko xedez. Bereziki lanpostuetan eragina izanen duelako aurkeztu du Gobernu espainiarrak hainbesteko denboraz. Teresa Ribera trantsizio ekologikorako ministroak eragile politiko eta industrial guziekin eztabaidatu nahi duela adierazi du. Bere asmoa da urte bukaerarako lege berria “ahalik eta adostasun handienarekin” onartua izatea.

Jadaneko hamalau dira erregai fosilak baztertzeko asmoa azaldu duten herrialdeak. India eta Txinaren gisako “erraldoiak” ere gauza bera egitera engaiatu dira, hurrenez hurren, 2030 eta 2040rako. Europar Batasunean Espainiaz gain beste zortzi herrialde ari dira errekuntza motorren bukaera prestatzen. Danimarka, Herbehereak eta Irlandak 2030erako ezarri dute epe muga. Suedia eta Esloveniak gauza bera egin dezakete. Austrian, gobernuaren txosten batek 2020rako iragartzen du auto horien salmenten bukaera. EB-tik kanpo, Norvegiak 2025erako eginen luke.  

Edozein gisaz, batzuk diote 2040ko data berantegi izaten ahal dela. Transport & Environment federazioaren txosten baten arabera, “Europak errekuntza motorreko azken autoa berantenez 2035ean saldu behar du, baitezpadakoa izanen baita 2050erako garraioari karbonoa kentzea eta hala, Parisko Akordioaren helburuak betetzea”.

Erabateko zalantza

Hego Euskal Herriko ekonomian automobilaren industriak eta haren osagarriek garrantzia handia dute. Iruñea da horren adibide argia. Landaben industriagunean Volkswagenek 4800 langile ditu, azpikontratazioetan diren beste milaka langilerekin batera. Langileak zalantzati dira. Egun Iruñean fabrikatzen diren autoek lanpostuen egonkortasun maila bat eskaintzen badute ere, ez da jakiten motor elektrikoetaranzko aldaketa nola eramanen den.

Volkswagenen LABeko delegatu den Raul Portillok, langileen geroak auto etxeak automobil elektrikoak eraikitzeko hartuko lukeen erabakiaz dependitzen duela uste du. Oroitarazi duenez, auto mota horietarako karrozeria eta tindaketarako lan indarra abantzu bera litzateke. Bestetik, motor elektrikoek pieza gutiago dituztenez, aurreikus daiteke hauen eraikitze eta muntaiarako langileak murriztea. Garraiorako pieza gutiagorekin, logistika arloko beharrak ere apalduko lirateke.

Landabengo langileen artean erran-merranak badira, baina deus ez da segurua, enpresak ez baititu oraino bere asmoak jakinarazi. Egokitu eta auto elektrikoak eginez gero, lanpostuetan eta deslokalizazioetan eragin zuzena izango luke eta honek langileak atzarrik egotera behartzen ditu.