Kazeta

Enargia: argindarra %100 berriztagarria eskainiko duen euskal hornitzailea

Energia transformazioaren aldeko herritar mugimendua da Enargia, kooperatiba gisa antolatua. Jadaneko sozietateen erregistroan izena emana du eta 2019tik goiti aktibitatea hasteko ministerio frantsesaren onespena itxoiten du. Azaroan kapital altxatze kanpaina bat abiatu dute.

Energia transformazioaren alde jotzen du Enargiak. © I-Ener
Energia transformazioaren alde jotzen du Enargiak. © I-Ener

2019tik goiti argindarra %100 berriztagarria eskainiko du Enargiak. Azkainen kokaturiko euskal argindar hornitzaile berria energia transformazioaren aldeko herritar mugimendua da. Bere aktibitatea martxan jartzeko lehen urratsa egin du, sozietateen erregistroan izena emanik eta orain ministerioaren baimena ukan behar du.

Kooperatiba gisa antolaturik, sustatzaileek bazkidetza kanpaina bat abiatu dute, kapital altxatze bat lortzeko. Finean, hornitzaile berriaren kide eta bezero izanen diren pertsonak lirateke. Xedea da urte bukaera aitzin partikularrengandik 100.000 euro eta lantegiengandik 150.000 euro biltzea. Gainera, azpimarratu dute gero eta fondo propio gehiago lortu, orduan eta errazagoa izanen dela baimenak ukan eta aktibitatea abiatzea.

Bazkide egin ahal izateko web ataria ezagutarazi du Enargiak. Bertan internetez edo posta arruntez bazkidetzeko aukera emateaz gain, kooperatibaren estatutuak ikus daitezke.

Egun 105 bazkide ditu Enargiak, hauek 113.700 euro inbertitu dituztelarik. Hau da, biltzea aurreikusia duten helburuaren %45a.