Hur GOROSTIAGA
Seaskako zuzendaria

Ipar Euskal Herrira egindako bisitaren karietara, Frantziar Gobernuko bozeramailea den Benjamin Griveauxekin elkartzeko parada izan zuten Paxkal Indo Seaskako lehendakari eta Hur Gorostiaga zuzendariak azaroaren 29an. Postuen ukapenari buruzko problematika azaldu eta EEPk aterabide bat lortzeko mahaingaineratu duen proposamena aipatu zioten. Hots, 4,5 postuei dagokien buxeta bere gain hartzea.

“4,5 postu bere gain hartzea proposatu dio EEPk Hezkuntza Ministerioari”
Iurre BIDEGAIN|2018/12/04 07:00|0 iruzkin
Guz_hur_gorostiaga_bobedme101
Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria. ©Bob EDME.

EEPren proposamena onartzeko, Estatua abstenitu beharko litzateke edo gutxienez ez luke kontra bozkatu behar

4,5 postuen buxeta 150.000 eurokoa da

Frantziar Gobernuko bozeramailea den Benjamin Griveauxekin elkartzeko parada izan zenuten azaroaren 29an. Nola pasa zen bilkura?

Azaroaren 29an bi bilkura iragan ziren. Lehena Parisen iragan zen. Hain zuzen, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta parlamentariak Hezkuntza Ministerioan errezibitu zituzten. Hezkuntza Ministerioari proposatu diotena da EEPk 4,5 postu bere gain hartzea.

Bestalde, hitzarmena berriz martxan jartzea galdegin diote, gaur egun ez dugulako akordiorik. Ministerioari esan diote Akitania Berria, departamendua baita Euskal Elkargoa ere prest direla dirua ezartzeko aurtengo ikasturtea salbatzeko, Ministerioa berrriz hitzarmenaz hitzegitearen truke.

Zein izan da Ministerioaren erantzuna?

Ministerioak ez du erantzunik eman, nahiko baikorki agertu omen da. Omen diot, guk ez dugulako bilkuran parte hartu, baina horren berri izan dugu.

Gu bozeramailearekin bildu garelarik, Benjamin Griveauxekin, horixe bera aipatu diogu. Tokiko erakundeak prest direla aterabide bat atzemateko ikasturte honetarako. Halaber, erran diogu ondoko ikasturterako ongi litzatekeela hitzarmena berriz ere eztabaidatzen edo negoziatzen hastea.

Bozeramaileak begi onez ikusi du eta galdetu digu berak zer egin behar duen hala izan dadin. Gauza da EEPn Estatuak bozka duela bai Hezkuntza Ministerioaren bitartez, baita Barne Ministerioaren bitartez ere. EEPren proposamena onartzeko, Estatua abstenitu beharko litzateke edo gutxienez ez luke kontra bozkatu behar.

Lau postu eta erdi horiek zeintzuk dira zehazki?

Ikasturte honetarako, 25 postu eskatu genituen. Azkenean, 20rekin antolatu dugu ikasturtea. 20 horietatik 5,5 Ministerioak eman zituen eta 14,5 gure gain gelditu ziren. 14,5 horietatik, 10 gure aurrekontuan zeuden eta 4,5 aurrekontuz kanpo. Beraz, postuak ezarri ditugu baina horiek ordaintzeko dirurik gabe. EEPk gainerateko 4,5 horiek ordaintzeko dirua eskaini nahi digu, hori da proposatzen duena.

Diru kopuruari dagokionez, zenbat suposatzen dute 4,5 postu horiek?

140 000 euro. Lehenik Estatuak esan behar du ados den edo ez. Estatuak ez badu oztoporik jartzen, bozkatu beharko du laguntza martxan ezartzeko. Hori alde batetik eta bestetik, Estatuak berriz ere negoziaketa mahaira etorri beharko du hitzarmena berriz negoziatzeko eta akordioa ez desegiteko.

Irailean, ukan genituen bilkuretan Akademia Ikuskaria den Pierre Barrière jaunaren jarrera izan zen hitzarmena suntsitzea. Orain, Estatuak beste jarrera bat agertzea espero dugu. Behintzat osteguneko bi bilkuretatik egiten den bilana da jarrera nahiko baikorra agertu zutela hitzarmenarekiko.

Zeintzuk dira zuen baldintzak hitzarmen hori izenpetu ahal izateko?

Hitzarmen hori izenpetzeko, akordioak gure garapena lagundu behar du. Hitzarmen horrek, eta hori da funtsa, gure hazkundea lagundu eta gure izaera onartu behar du. Murgiltze sistema onartu behar du eta sistema hori garatzeko ahalak eman behar ditu. Ez du balio hitzamen bat izenpetu eta ondotik bertan esaten dena ez betetzea.

Hitzarmenean parte hartzen duzuen erakundeek bilan bat egin behar izan duzue. Bilan hori burututa dago?

Bai, irailean bi bilkura egin genituen eta hortik hitzarmena ez zela bete atera zen. Batez ere azken urtean. Geroztik ez dugu beste bilkurarik egin. Espero duguna da berriz eztabaida mahaigainera itzultzea. Hori da eskaera, behintzat. Orain ikusiko dugu errektoretzak negoziaketa mahaian parte hartzen duen, hitzarmenik nahi ez duen ikuskari baten ordez.