Jon GARMENDIA

Mattinsalto taldea garaile Xilabako taldekoan

Ortzi Idoate, Amets Arzallus, Hodei Renteria eta Naia Sascok osatutako Dilindan taldea eta Xumai Murua, Aitor Servier, Ellande Alfaro eta Pantxika Solorzanok osatutako Mattinsalto lehiatu ziren Baigorrin iragan zen Xilabako finalean. Mattinsalto taldeak lehendabiziko aldiz taldeka jokatu den txapelketa irabazi zuen.

Pantxika Solorzano, Aitor Servier, Xumai Murua eta Ellande Alfaro. ©Isabelle Miquelestorena
Pantxika Solorzano, Aitor Servier, Xumai Murua eta Ellande Alfaro. ©Isabelle Miquelestorena

Bertsoak badu antzezpenetik ere, eta atzokoan bertsolariei egoera surrealista anitzi irteera ematea egokitu zitzaien, aktore eta aktoresa bihurtuta, edo ohiko finaletako seriotasunak bazter utzita komediaren zertzeladak baliatuz ibiltzea bi oren pasa. Atipikoa izan da aurtengo Xilaba, desberdina, taldeka jokatu da Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan barrena, eta ostatu ttipietan distira egin du formulak. Finala zurruna da, ordea, eta Baigorriko Plaza Xoko mukuru bete bazen ere puntako bertso saio batetik urrun ibili zen finala, nahiz eta ertzak ukitu zituzten bertsoaldi batzuek. Ezin da ahantzi, ordea, bestela inoiz kantatuko ez luketen bertsulariek abesten dutela taldekakoan, parte-hartzailea ere badela, saioen antolaketa talde bakoitzak hartzen baitu bere gain, eta alde horretatik eta eskaini duen giroarenetik txapelketa arrakastatsua izan dela adierazi behar da, Garako artikuluak azaldu duenez.

Xumai Murua eta Amets Arzallus izan ziren kantukide zortziko handian, Xumai Amets jendarmearen kontrolean jauzi zen eta ohartu zen belarriprest txapa zeramala: «Argi urdinak ikusi eta ez naiz kezkaren gerizan/ aspaldi hortaz beldurtzen ikasi dugu gure bizitzan/ ta harritu naiz hor belarriprest ikustean dion gisan/ hala ta guztiz hobe dut orain ahobizia ez izan». «Argi urdinak altxatu ditut ta gelditu zara taka/ leihoa jeitsi ta ikusi duzu ene atorrean txapa/ baina etzazu irrifar egin etzaite lasai eskapa/ jendarmak biak dauzkalako prest belarria ta matraka», Xumaik jendarmeak «eskua dantzan hastea» zela bere beldurra aipatu zion, eta Ametsek «AEKn astean bitan» ematen ziotela laguntza «polizi onak jakin behar du susmagarrien hizkuntza». «Aski lan badut iturri hortatik doan uretik edaten/ orain artean zure hizkuntza ez bainuen nik jasaten/ ta moldaketa berrikuntza bat iritsi da zugan aurten/ hamabigarren egunean ere segi zuk ona izaten», ekarri zion gogora Xumaik Euskaraldia lehen lerrora ekarriz eta honela bukatu zuen Ametsek: «Bai baliatu nahi nuke luzaz eman didaten aukeraz/ maiz belarria luzatuz eta noizbait mihia ateraz/ zein euskal herri surrealista, ulertzea ez da erraz/ abertzaleak erdi frantsesez eta jendarmak euskeraz».

Kantu bat entzutea zen beste ariketa berezietako bat, eta hari bi bertso jartzea, Ortzi Idoateri Mikel Laboaren “Gure bazterrak” jarri zioten eta hasiera eder honekin eman zion erantzun: «Laboak milaka kantu eta milaka aspekto/ utzi digu herri hontan ta egia errateko/ balio izan du gure autoestima puzteko», eta bazterrak ez ezik balio izan ziola «bere barnea ikusteko» bukatu zuen. Korrikako kantua ezarri zioten Aitor Servierri eta horra bere lehen bertso ederra: «Ostegunean publiko egin zen bideoklipa/ rap eta trap nahasketa berritzailea, polita/ ezker eta eskuin entzun ditut hamaika kritika/ zioten kantu honekin ezin da egin korrika/ Youtuben idatzitako iruzkinak ikusita/ batzuek ez dute egin garai berrirako klika». Servier izan zen finalean distira gehien agertu zuen bertsularia eta berea izan zen bertsoaldirik aipagarriena, gaia emanda osatu zituen hiru bertsoekin «komunean gakotu da, ez du atera nahi» zioen gaiak eta hauek hiru bertsoak: «Eskolarako bidea hark ez du egiten errez/ usu laguntzen diogu bera lasaitzeko xedez/ irakasleengan ere sinetsi ohi dugu fedez/ gure alaba ttikia maite dugulako berez/ gaur hitz egin nahi genuen, genuen asmo onenez/ hamabi urte beretzat adinik zailena denez/ berak ez gaitu ulertzen eta guk bera ere ez». «Gure alaba delako bere klasean irrigai/ emaztea eta biok ere ez gaude hain lasai/ lagunak behar zutenak bihurtzen zaizkio etsai/ ezezkoa dio beti nahiz ta guk hari erran bai/ azkenaldian etxean dena liskar dena ezbai/ pentsatu dut atearen ondoan nindagola zai/ ez du kontatu nahi edo guk ez diogu entzun nahi». «Atean zain ia ordu bihurtzen da segundua/ beretako babes ote da etxeko ingurua/ aditu dugu eskolan maisu-maistren aburua/ ikasgelan zein etxean eguneroko gudua/ komunean utziko dut hau du toki segurua/ negarrez lehertu eta konpondu dezan mundua/ berriz lagun izan arte bera ta bere burua.»