Kazeta

Euskarazko filmak ez dira zinema guzietan ematen

“Jainkoak ez dit barkatzen” filmaren Ipar Euskal Herriko itzulia joan den azaroaren 24an hasi zen. Zinema gela gehienetan pasatzen ari bada ere, Baionako L’Atalante eta Biarritzeko Royalek filma ematea errefusatu dute. Gastibeltza Filmak etxeko ekoizleek ulertezintzat jo dute erabakia.

Gastibeltza ekoiztetxeak estreinaturiko aurreko filma, “Gure Oroitzapenak” ez zen Biarritzen eman eta Baionako zinemak onar zezan ez zela errexa izan azpimarratu dute ekoizleek. © Gastibeltza Filmak
Gastibeltza ekoiztetxeak estreinaturiko aurreko filma, “Gure Oroitzapenak” ez zen Biarritzen eman eta Baionako zinemak onar zezan ez zela errexa izan azpimarratu dute ekoizleek. © Gastibeltza Filmak

Azken urteetan euskarazko zinemak garapen garrantzitsua ukan du eta bultzada bat izaten ari da Bidasoaren bi aldeetan. Gero eta espazio handiagoa hartzen ari den heinean, gure lurraldeko zinema geletan eskaini behar zaion lekuaz ere galderak sortu dira.

Hori gertatu da Josu Martinezek zuzenduriko “Jainkoak ez dit barkatzen” dokumentalarekin. Azaroaren 24an Hazparnen Zinegin festibalaren barnean aurkezturik, filmak euskal historian ezezaguna den Lezo Urreiztietaren istorio izugarria kondatzen du. Filma Ipar Euskal Herriko zinema gela guzietan ikusi ahalko da, Baiona eta Biarritzen salbu.

Baionako L’Atalantek filmaren molde eta estreinaldi egunarekin zalantzak ditu. Zinemaren programa garai honetan aski betea da eta “pantaila bakarra dugu”, adierazi du Sylvie Larroque programatzaileak. Bere iritziz, proiektatzeko aukera aski ez daudenaren estakuruan, ez da zertan euskarazko filmak proiektatzeko obligaziorik ukan behar. “Euskarazko filmak automatikoki eman behar direla erratea ikuspegi aski autoritarioa dela uste dut. Guk ere badugu aske erabakitzerik”. Gaineratu duenez, ez dute baztertzen dokumentala beste memento batean ematea, erraterako, “Rencontres sur les Docks” hitzorduetan (2019ko martxoan), “euskal zinemaren leihoaren” barnean.

“Gero eta euskarazko film gehiago, hobe”

“Jabetzen gara bakoitzak bere gustuak dituela” adierazi du Katti Pochelu, Gastibeltza Filmak-en ekoizleak, “baina guretzat garrantzitsuena da euskaldunek filmak euskaraz ikusteko aukera ukaitea. Gure zinema gure historiaren ekarle da eta dokumental hau adibide ona da. Nehork ez du Lezo Urreiztieta ezagutzen, Euskal Herriaren historian alimaleko ekarpena egin zuen pertsona izan bazen ere. Memoria biziarazi eta jendeari ezagutarazi nahi diogu. Alta, mugatzen zaigula ikusten dugu. Arazo bat bada hor”, arranguraz mintzo da Pochelu.

Xabi Garat Donibane Lohizuneko Select zinemako bost gelen programatzailea da, baita Hendaia, Donapaleu, Maule, Hazparne, Donibane Garazi eta Kanboko zinemetan ere. Euskal Herriko gehiengoak Euskaraldiari harrera egin dion heinean, euskarazko filmen programazioa norabide horretan kokatzen dela iruditzen zaio. Alabaina, bi ikuslek deitu zuten film bat jatorrizko hizkuntzan (gazteleraz) zelako eta azpitituluak euskaraz zirelako. Baina Xabi Garatek ez zion bere buruari galdera pausatu ere. “Gero eta euskarazko film gehiago, hobe”, erran du. Gainera, ez zaizkiela emanaldi ainitz eskatu gaineratu du. Horregatik, “Baionako euskaldunentzat domaia da”.

Urruñako Itsas Mendi zinemak pantaila bakarra badu ere, euskarazko bi film programatzea deliberatu zuen:

“Arazo hau ez da gainditua”

“Guretzat, urtean filma bat edo bi banatzea nasaiki eskas da”, dio Katti Pocheluk. “Publikoak egiazko film aniztasun bat behar du eta horregatik, gehiago eskaini behar dugu. Urtean soilik bi filma emanik, publikoari ez diogu aukerarik ematen ekoizten den guzia ikusteko”, gaineratu du.

“Bereziki euskaraz mintzatzen den publikoaz ari naiz, eskubide bat ukatzen zaigulako. Euskal kulturak orokorki beste denbora batean hori ezagutu du. Erranen genuke arazo hau ez dela gainditua eta euskaldunei ez zaiela nehoiz eskubide hori bermatuko”, deitoratu du Pocheluk. “Gainera, honek erran nahi du euskaraz ez dakien publikoaren interesa ezin dugula piztu, Euskal Herriaren historia ezagutzen ez duenari ezin diogula ezagutarazi. Euskaldun izatea eta euskal identitatea zer den ez dakitenek, ezin baitute hori bizi”. Euskal kulturaren esparruan diskriminazioaren emendatzea sentitzen da, preseski, sormenean eta esparruen zabalpenean aitzinatzen ari den honetan.