Kazeta

Xilabaren azken errima sorta Baigorrin

Xilaba bertsulari txapelketaren finala ospatuko dute Baigorrin abenduaren 1ean. “Mattinsalto” eta “Dilindan” taldeak buruz-buru arituko dira arratsaldeko 18.00etatik aitzina.

Joanes Etxebarria eta Amets Arzallus taula gainean. ©Bob EDME
Joanes Etxebarria eta Amets Arzallus taula gainean. ©Bob EDME

Helmugara ailegatzear da Ipar Euskal Herriko bertsularien txapelketa. Baigorrin abenduaren 1ean izanen den finalean txapela jantziko duen taldearen izena ezagutuko da. Azkaineko eta Sarako parte hartzaileek osatutako "Mattinsalto" taldea (Ellande Alfaro, Aitor Servier, Pantxika Solorzano eta Xumai Murua) Makea zein Hazparneko bertsulariek osatutako "Dilindan" taldearen (Xan Berterretxe, Nahia Sasco, Amets Arzallus, Hodei Renteria eta Ortzi Idoate) kontra lehiatuko dira 18.00etatik aitzina abiatuko den hitzorduan.

Aurtengo Xilaba berezia izan da, dudarik gabe. Plantan emandako formula berria dela eta, bertsulariak taldeka igo dira taula gainera, beste urte batzuetan bakarka aritzen zirelarik. Urriaren 12an txapelketa Gameren abiatu zenez geroztik, astebururo, umorea lagun, hitzorduak antolatu dituzte han-hemenka.

Lehen finalerdia Suhuskunen iragan zen azaroaren 23an. "Mattinsalto" taldea "Ezkorbrutak" taldeari nagusitu zitzaion. Biharamunean, Baionako Zizpa Gaztetxeak hartu zuen bigarren finalerdiaren lekukoa. "Dilindan" taldeko bertsulariak  jardun ziren "Kantiniersak" xiberotarren kontra.

Suhuskunen jokatutako finalerdia.
©Bertsularien Lagunak


Nahiz eta finalerdia Plaza Xoko gelan 18.00etan hasiko den, egun osoko egitarauaz gozatzeko parada eskainiko dute Baigorrin. Goizean zehar, eskolek eta Basaizea kultur elkarteak "Eguberriko merkatua" antolatu dute. Eguerditan, bazkari bat proposatuko dute Bixentenian eta finalaren ondotik, gaualdi bat prestatuko dute bertan.

Finalerako eta afarirako sarrerak lortzeko ondoko telefonoetara deitu behar da: 0033 559541504 / 0033 674985475.