Kazeta

Hezkuntza: korsikarren zerrenda bozkatzeko deia egin du LABek

Hezkunde nazionalerako hauteskunde profesionaletan ez denez aurkeztuko, LABek Korsikako langileen sindikatua babesteko deia egin du heldu den abenduaren 6an, zehazki STC Education (Sindicatu di i Travagliadori Corsi) zerrenda bozkatzeko eskatuz.

Kalitatezko hezkuntza baten alde atera ziren karrikara sindikatuak azaroaren 12an. © Isabelle MIQUELESTORENA
Kalitatezko hezkuntza baten alde atera ziren karrikara sindikatuak azaroaren 12an. © Isabelle MIQUELESTORENA

Hezkuntza arloko Ministerioko Batzorde Teknikorako (CTM) eta Administrazioko Batzorde Nazionalerako (CAPN) hauteskundeei begira, Korsikako STC sindikatuaren zerrendaren alde masiboki bozkatzeko eskatu du sindikatu abertzaleak. Ohar bidez, LABek oroitarazi du urte ainitzetan sindikatu korsikarrarekin lankidetzan aritu dela eta puntu ainitzetan bat egiten dutela. Horrek “frantziar Estatu mailan sindikalismo alternatiboa eraikitzera” bultzatzen dituela gaineratu du.

Hizkuntzaren gaia gakoetakoa da bi sindikatuentzat, STC-rentzat korsikera eta LABentzat euskara. Bada denbora arlo horretan bi sindikatuak eskuz esku eta norabide berean lanean ari direna. Beraz, naturala dela diote heldu den azaroaren 29tik abenduaren 6ra hezkuntzan izanen diren hauteskundeetan euskal sindikatuak STCren zerrenda babestea eta ahots bakarrarekin agertu nahi izatea.

LABen iritziz, “Paristik jiten diren erreformek hezkuntza sistema prekario bilakarazten dute bere osotasunean. Sindikatu paristarrak ez dira gai jazotzen ari diren aberrazioei aurre egiteko”. Halaber, bere aldarri nagusiak gogora ekarri ditu: euskararen garapena, lan prekario guziei amaiera ematea, lan baldintzen okertzea borrokatzea eta hezkuntza emantzipatzaile eta justu baterantz joatea, eta ez, haatik, desberdintasun eta klasifikazio sozialak sortzea.