Batez ere kadirak egiten dituen Hendaiako Sokoa enpresako hauteskunde profesionaletan LAB sindikatu abertzalea gailendu da. Aldi honetan, enpresaren baitako harreman ona kontuan harturik, LAB eta CFDT sindikatuek zerrenda bateratua aurkeztea deliberatu zuten. Bozken banaketan LABek %65a lortu du eta CFDTk berriz, %35a.
Bi sindikatuek aurkezturiko zerrenda bateratuak ekoizpen langileen artean 130 bozka jaso ditu, kopuru osoaren %84a, hain zuzen. Koadro eta funtzio agenteen kolegioan berriz, 53 bozka, %73a.
Emaitza hauekin, lehen kolegiorako hamasei ordezkarien artetik, LABek 12 eskuratu ditu, CFDTk 3 eta etiketarik gabeko zerrendak bakarra. Bigarren kolegioari dagokionez, lau ordezkarietatik 3 sindikatu abertzalekoak izanen dira, beste bat CFDTkoa izanen den bitartean.
Emaitza hauekin, Sokoako hauteskundeetan bosgarren urtez segidan LAB lehen indar gisa aukeratua izan da eta gehiengoarekin ekingo die ondoko hilabete eta urteei.