Maite Ubiria

Egunero protesta ekimen bakarra “Txaleko horiek”

Erregaien garestitzearen kontra sorturiko “Txaleko horien” mugimenduak protestei segida ematea erabaki du. Hain zuzen, Ipar Euskal Herrian egunero protesta bakarra egitearen alde agertu dira.

Orotara, 400 bat pertsona mobilizatu ziren azaroaren 17an departamenduan.©BOBEDME
Orotara, 400 bat pertsona mobilizatu ziren azaroaren 17an departamenduan.©BOBEDME

Iragan larunbatean abiatu zen mugimenduak erantzun azkarra izan zuen, Frantziako eskualde gehienetan bezala, Ipar Euskal Herrian ere. 400 bat lagun elkartu ziren goizean goiz Biarritzeko Irati erakustazokan, handik Angelu eta Baionako sartu-irteeretan blokeoak burutzeko. Astelehen gauean, berriz, batzarra egin zuten Baionan eta larunbateko ekimenak izaniko arrakasta txalotu eta protestari jarraipena emateko bidean hainbat erabaki hartu zituzten, Garako artikuluak azaldu duenez.

80 bat lagun baizik ez ziren elkartu ondoko egunotako dinamika zehaztea xede zuen bilkuran. Lehenik eta behin, Baionako Zubi Gorrian eginiko blokeoa ez zela erabaki egokia izan aitortu zuten. Hartara, ekimenen kokapena hobeki hautatzea deliberatu zuten.

Izan ere, gidari askok kexa azaldu zieten ekintzaileei astelehen goizean, errepidean bertan, batzuek keinu eta irainak baliatuta. “Txaleko horien” ekintzak sekulako auto ilarak sortu zituen Lapurdiko hiriburuan lanera edota eskoletara joateko orduan.

Hori dela eta, Glain eremuan bildutako batzarrak egunero protesta ekimen bakarra egiteko hautua egin zuen. Zehazki, hirietako erdigunera daramaten biribilguneak eta bidegurutzeak okupatu ordez, autobideak eta erregaien deposituak blokeatzearen alde apustu egin zuten.

Landetako blokeoen eraginez

Esan eta egin. Atzo, Biriatuko ordainlekura heltzea zail izan zuten Gipuzkoatik Lapurdirantz zihoazen garraiolariek. A-63 autobidean “txaleko horiek” blokeoak egin zituzten, goizean goiz, Landetan eta Bordele aldean. Bere bide sare nagusian kolapsoa saihestu nahian, frantziar agintariek ordu batzuk lehenago Biriatuko mugan trafikoa filtratzea erabaki zuten. Ondorioz, goiz osoan zehar 11 kilometro arteko kamioi ilara luzeak sortu ziren AP-8 autobidean eta N-121 errepidean.