Kazeta

Ruandako sarraskia ez ahanzteko emazte tutsi baten lekukotasuna

Adelaide Mukantabana ruandarrak Afrikako herrialde hartan 1994an tutsiekin egin zen genozidioa kontatu du Baionako Etxepare lizeoan. Bere lekukotasun gordinetatik abiatuz, irakasle izandako emazteak oroimenaren garrantzia azpimarratu du euskal ikasleen aitzinean.

Adelaide Mukantabanak transmisio eta memoria lana egin du Baionako Bernat Etxepareko ikasleekin. © Isabelle MIQUELESTORENA
Adelaide Mukantabanak transmisio eta memoria lana egin du Baionako Bernat Etxepareko ikasleekin. © Isabelle MIQUELESTORENA

Ruandako tutsien genozidioa gertatu zelarik, 1994ko apirilean, Adelaide Mukantabana irakasleak 32 urte zituen eta bere bizia salbatzea lortu zuen. Egunotan Euskal Herrian izan da eta sarraski hori nola bizi izan zuen azaldu die Baionako Etxepare lizeoko ikasleei.

Kontatu behar izan duena zinez da zaila. Hastapenetik ikasleak ohartarazi ditu. Irri solasak egitea maite du, negarrik ez egiteko. Terrorea baita 1994an tutsiek hiru hilabetez pairatu behar izan zutena. “Baina zer da genozidio bat?” galdegin eta segidan eman du erantzuna: “Estatu batek gauzatutako sarraski masibo bat, horixe da zehazki”.

Bizirauteko ihes egin beharra

1994ko apirilaren 6an hasi zen dena, Kigaliko aireportuan presidentearen hegazkinaren kontra egindako erasoarekin. Garai hartan, Adelaidek herrialdeko hegoaldean kokaturiko Butaren lehen hezkuntzako eskola batean irakasten zuen. Bere ikasle hutu eta tutsiak, elkarrekin jartzen ziren ikasgela berean.

Sarraskia apirilaren 19an iritsi zen bere ingurura, baina Adelaidek bi egun aitzin bere haurretako birekin eta iloba batekin Burundiko muga gaindituz ihes egitea lortu zuen. Herriko medikuak salbatu zien bizia, aduana igarotzeko eskubidea ordainduz. Ondotik bere ahizparekin Bordelen elkartu eta aterpetu zen.

Taulan zuri-beltzezko argazki bat ikusgai jarri du. Hiru haur ageri dira, bi mutil eta neska bat, zuriz jantzita lurrean, irrika. Bere haurrak dira. Hutuek erasoko ez zituztelakoan utzi zituen herrialdean. Semeek 11 eta 10 urte zituzten. Haatik, ez zituen berriz ikusiko.

Beste irudi bat, hau ere zuri-beltzean. Adelaide ezkon jantziekin ageri da bere senarrarekin, haien familietako hogei pertsonez inguraturik. Abantzu haietako nehor ez zen genozidiotik bizirik atera. Gehienak hobi komunetan fite lurperatu zituzten, eritasunak ez zabaltzeko. Bere bi semeak Agahabuwako Memorialean leudeke beste 30.000 hezurrekin batera.

Lekukotasun gordinek lizeoko ikasleak hunkitu dituzte. Negar malkoak isuri dituenik ere bada. Eta hauek areagotu egin dira, jakitean Adelaideren alabak ihes egitea lortu zuela. Hutu batek ezkutatu zuen eta genozidiotik bi urtera elkartu ahal izan zen bere amarekin, zortzi urte baizik ez zituela.

Estatu frantsesaren ardura

Adelaiderentzat argiak dira lekukotasuna azaltzeko arrazoiak. Estatu frantsesak berrogeita hamar urteren ondotik aitortu zuen judutarren genozidioa eta bere erranetan, baliteke mende laurden batean tutsienarekin ere gauza bera egitea. Ez du zalantzarik: “Frantzia da genozidio honetan zerikusi hertsiena duen herrialdea”. Ofizialki tutsiak gehiengoa ziren Ruandako Fronte Patriotikoaren (FPR) kontra egiteko Gobernuaren aldekoak armatu zituen. Arma horiek tutsiak masakratzeko erabili ziren. Are, milizia hutuaren zati handi bat Baionako Itsas Infanteriako (RPIMA) paraxutistek lurperatu zuten.

Hogeita bost urte berantago, Adelaidek uste du Ruandan ez dela indarkeria berpiztuko. 1994an errefuxiatu estatusa eskuratu eta herritartasun frantsesa duen emazteak egun Europara jiteko Mediterraneo itsasoa zeharkatzen duten migranteekiko elkartasuna adierazi du. “Haien herrialdeetatik ez dira plazeragatik joaten”.

Mintzaldia bukatu du eta uros da. Baita akitua ere. Adelaidek espero du egunean zehar bildutako 600 euskal ikasleak “bakearen enbaxadore” izatea, haien familiari eta herriari gertaturikoa nehork ez dezan ahantzi. Giza-krudeltasunari zinezko erantzuna emateko memoriarekiko betebeharra baitezpadakoa delako.