Bi migrante atxilotu dituzte Hazparnen

Mamadou eta Alassane eraman dituzte jendarmeek, igande arrats honetan, Ipar Euskal Herrira heltzean Hazparnen hartu zituen familiaren etxean berean. 21 eta 26 urte dituzte. Ehundik gora lagun elkartu dira Hazparneko jendarmeriaren aurrean gazteen askatasuna galdegiteko.

Maite UBIRIA BEAUMONT|2018/11/11 21:49|0 iruzkin
Hazparne_1
Hazparneko komisaldegia, jendez lepo. © Isabelle Miquelestorena

Egunero-egunero frantziar poliziak migranteen aurka burutzen duen ehiza Iparraldeko barnekaldera zabaldu da gaur. Arratsaldeko 17.30ak aldera Mamadou (21 urte) eta Alassane (26 urte) gazteak atzeman ditu. Samuel Simon Vuelta Baionako prokuradoreak Mediabask hedabideari baieztatu dioenez, "jendarmeek jarduera susmagarria zutelakoan pertsona bi gelditu dituzte kontrol batean; pertsona horiek ez zuten nortasun paperik, beraz, era irregularrean ziren frantziar lurraldean, eta komisaldegira eraman dituzte beraien egoera argitze aldera".

Migrante horiek bere etxean hartu zituen pertsonaren alabak hedabide berdinari azaldu dioenez, bi migrante horietarik bat bizikletaz zihoala ikusi dute jendarmeek, bere atzean joan dira kotxez etxeraino eta bertan paperen kontrola egin eta atxilo hartu dituzte bi gazteak.

Neskak azaldu duenez "Mamadou eta Alassane ez dira klandestinoak, beraien jaiotze-agiriak badituzte, baita Estatuaren mediku asegurantza ere". Bere erranetan "gazteak guztiz integratuta daude gure herrian, are, horietako batek Hazparneko futbol taldean jokatzen du".

Bi errefuxiatuak bere etxean hartu duen herritarra ezaguna da oso: Xarlo Etxezarreta, irakasle eta hautetsi ohia eta Udalbiltzako kide izandakoa. Jendarmeriara eraman dute eskarmentu handiko militante abertzalea eta bertan galdezkatu ondoren libre utzi dute.

Ehundik gora lagun bilkura egin dute gaur iluntzean Hazparneko komisaldegiaren aitzinean bi gazteen askatasuna eskatzeko, beraien artean HAC Hasparren kirol taldeko hamarnaka kide ziren, baita Isabelle Pargade departamendu kontseilaria ere.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK